Pinotti pistardarendako Romandiako atarikoa

Guaixe 2010eko apirilaren 28a

Atzo hasi zen Romandiako Tourra, 4,3 km-ko erlojupeko edo atariko probarekin. Azkarrena Marco Pinotti (Columbia) pistard italiarra izan zen, 5:17.52 denborarekin. Gorka Verdugo etxarriarra (Euskaltel) 12.35ra sartu zen. Gaur 175 km-ko etapa dago jokoan, Porrentruyn hasi eta Fleurierren despedituko dena. Lehen mailako bi portu eta bigarren mailako bat gainditu beharko dituzte, eta ez dirudi tropela batera helduko denik. Narancoko igoeran Santi Perez izan zen azkarrenaPortugalgo Loule-Louletano taldean dabilen Santi Perez asturiarra izan zen Narancoko igoerako garailea. 149 km-ko proba zen, oso gogorra, tartean 5 portu baitzeuden, eta gaur hasiko den Asturiaseko Itzulirako hautagai nagusietako bat dela demostratu zuen Santi Perezek etxean. Perezek bi urte eman ditu lehiatu gabe, dopin salaketa zela eta, eta dena ematera itzuli dela demostratu du. Jorge Azanza altsasuarra (Euskaltel) eta Beñat Intxausti taldekidea ihesaldi nagusian izan ziren eta lan izugarria egin zuten, kontrola hartuz, baina aurrerago ezin izan zuten garaipena lortzeko borrokatu. Azanza 28.a izan zen helmugan, 5:31ra. Gaur hasiko da Asturiaseko Itzulia, Oviedo eta Llanes arteko 156,3 km-ko etaparekin. Etapa esprintean erabakiko dela aurreikusten da. Asteburuko etapak izango dira erabakigarrienak, ostiraleko erlojupekoa eta igandeko etapa nagusia, itzuliko azkena. Bost portu gainditu beharko dituzte: Pozo de las Mujeres Muertas, Cerredo, Somiedo, San Lorenzo eta Tenebredo. Bi hauek erabakiko dute. Itzulia irabazteko faboritoak Migel Mosquera (Xacobeo-Galicia), Beñat Intxausti (Euskaltel), Jose Maria Marchante (Andalucia-Cajasur) eta Santi Perez (Loule-Louletano) dira. Intxaustiri laguntzeko gogor eginen dute lan Jorge Azanzak eta Pablo Urtasunek, eta Xabier Zabalo olaztiarra Orbea taldean ariko da. Rural Kutxa talde kontinentala ere Asturiasen izango da.