Afizionatuak. Rural Kutxako Simon azkarrena Ozaetan

Guaixe 2010eko apirilaren 28a

Atzo Arabako Hiru Egunen challengeko bigarren etapa jokatu zen, Dulantzin atera eta 122 km eta gero Ozaetan despeditu zena. Hasieratik ihesaldi saiakerak izan ziren, eta horietako batean 38 txirrindularik egin zuten aurrera. Ibilbideak ez zuen ia airea hartzeko astirik ematen eta gutxika taldea desegiten joan zen. Horrela, sei txirrindulari gelditu ziren aurrean, tartean Jordi Simon (Rural Kutxa) eta Ocampos (Naturgas). Jakina denez, talde sakandarra eta arabarra dira Arabako Hiru Egunak irabazteko faborito nagusiak, eta lehia gogorra izan zuten. Andalucia Cajasurrek, lehenengo eguneko irabazleak, tropeletik tiratu zuen baina ez zuen lortu ihes egindako seiak harrapatzea, eta bukaerako esprintean Jordi Simon izan zen azkarrena. Gaur Gasteizen hasi eta despedituko den hirugarren etaparekin amaituda lasterketa. 137 km-ko etapa da, Hiru Egunetako luzeena, eta gorabehera handikoa, besteak beste hirugarren mailako hiru portu izanen dituztelako aurrez aurre.