Nazabal lehian sartzen da gaur

Guaixe 2010eko apirilaren 28a

Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako lehen fasea despedituta, Antonio Senosiain I.ak lortu du bigarren fasean aritzeko aukera. Han zain dauzka beste bost aizkolari, iazko bost onenak hain zuzen: Larretxea, Lopez, Olasagasti, Arrospide eta Floren Nazabal etxarriarra. Gaur hasiko da txapelketako bigarren fasea. Fase honetan lehiatuko diren sei aizkolariak bi multzotan banatuta ariko dira. A multzoan Nazabal, Olasagasti eta Arrospide, eta B multzoan Senosiain I., Larretxea eta Lopez Azpilikueta. Multzo bakoitzaren barruan ligaxka jokatu ondoren, onenek eginen dute aurrera. San Prudentzio eguna izaki, gaur bi proba jokatuko dira, bata Gasteizen eta bestea Lazkaon. Lazkaon, arratsaldeko zazpietatik aurrera, A multzoaren barruan Floren Nazabalek Jose Mari Olasagasti izanen du arerio. Bost modalitatetan lehiatuko dira, eta guztira 16 enbor erdibitu beharko dituzte. Saio berean 23 urtez azpiko Urrezko Aizkolarien Banakakoa abiatuko da. Txapelketa honetan 10 aizkolari ariko dira, bi multzotan banatuta. Iñaki Vazquez "Sakana" altsasuarrak Jokin Alkizalete II.a izanen du arerio. Kasu honetan, lau modalitatetan 7 enbor zatitu beharko dituzte, eta galtzen duenak txapelketatik kanpo geratuko da. Aldiz, irabazlea maiatzaren 1ean, larunbatean, Estibalitz santutegian jokatuko den kanporaketan arituko da, Aritz Irazabalen kontra.