30 urte bete ditu Aralar Txirrindulari Taldeak

Guaixe 2010eko apirilaren 28a

Aralar Txirrindulari Taldeak denboraldiko aurkezpena egin zuen ostiralean Etxarri Aranazko kultur etxean. ETBko kazetari Joxe Mari Gabiriak zuzendu zuen ekitaldi polit eta berezia, izan ere otsailaren 18an 30 urte bete baitzituen Aralar Txirrindulari Taldeak, ospatu beharreko data, hain zuzen. "20.000 biztanleko bailara txiki honetan eliteko kirolari asko ateratzen dira. Zergatik ote?" hasi zuen ekitaldia Gabiriak. Kazetariaren ustez, hori ez da kasualitatea. "Jendeak lan egiten du eta hortik datoz fruituak" ondorioztatu zuen. Diziplina, lana eta halako baloreen garrantzia goraipatu zuen Gabiriak. "Balore horiek irakatsi nahi dizkizuete hemen, eta lanerako eta bizirako oso baliagarri izango zaizkizue" nabarmendu zuen. Aurten 30.000 euroko aurrekontua ibiliko du Aralar Txirrindulari Taldeak. Ekitaldian izateagatik eta taldeari babesa emateagatik Iñaki Mauleon presidenteak eskerrak eman zizkien txirrindulariei, hezitzaileei, gurasoei eta zuzendaritzako kideei. "Zer eskatzen diegu txirrindulariei? Lana. Gogoz eta gogor entrenatu behar dute, baina aldi berean hau jolas bat izan dadila eurentzat, txirrindularitzarekin goza dezaten" adierazi zuen presidenteak. Kirolarekin heztearen beharra azpimarratu zuen, eta txirrindularitzarekin balore asko lantzen direla gaineratu: taldean lan egitea, zuzendariari kasu egitea... 38 txirrindulari lau kategoriatan banatutaDenboraldi honetan 38 txirrindulari ariko dira Aralar Txirrindulari Taldean. Eskolen kategorian 23 neska-mutil ari dira, kadete mailan 3 eta juniorretan 6. Horretaz gain, estreinakoz master maila izanen du Aralar taldeak, eta bertan 6 txirrindulari ari dira. Txirrindulariak Arakil, Aranatz, Larraun eta Lekunberrikoak dira. Bestalde, aurten sei lasterketa antolatuko ditu taldeak: ekainaren 12an Etxarri Aranatzen (eskolak), ekainaren 20an Lizarragan (kadeteak), ekainaren 26an Lekunberrin (eskolak), uztailaren 31n Lakuntzan (eskolak), abuztuaren 5ean Etxarri Aranatzen (kadeteak), eta abuztuaren 25ean Lakuntzan (afizionatuak). Eskerren txandaArropa eta ekipazio berria izanen du taldeak, eta horregatik eskerrak eman zizkieten Irabia Intersport taldeari eta beste kolaboratzaile guztiei, Sakana kooperatiba, Nafarroako Kutxa, Saeba iturgintza J.M. Mauleon, Pellejero Aseguruak eta Lorea. "Haien laguntza gabe ezinezkoa izango zen Aralar Txirrindulari Taldeak aurrera egitea" eskertu zuten. Horretaz gain, guztien lana goraipatu zuten. "Batzuek zuzendu, beste batzuek lan egin. Boluntarioei ere eskerrak eman behar dizkiegu, lasterketetan eta beste laguntzeagatik" nabarmendu zuten. Nahiz eta klubak 30 urte bete argi geratu zen txirrindulariak formatzen jarraitzeko ilusio berbera duela Aralar taldeak. Aralar Txirrindularitza Taldeko sortzaileetako batek, Joxe Andueza lakuntzarrak, txalo zaparrada ederra jaso zuen urte luze hauetan txirrindularitzaren alde egindako lanagatik.  Lakuntzarrak diziplinaren garrantzia azpimarratu zuen. "Diziplina eta goxotasuna parez pare. Haiek irabazita asko disfrutatzen dut" adierazi zuen. Aralar taldea hasieratik eta urte luzez zuzendu zuen Anduezak, ondoren afizionatuen taldetan aritu zen eta egun berriro etxeko taldean dabil lanean.  Aralar Txirrindularitza Taldea*Eskolak: Endika Larralde, Izai Mauleon, Saifddine Boujaja, Luis Beraza, Xabier Basabe, Unai Zubiria, Oier Larunbe, Xabier Maiza, Xabier Mauleon, Julen Otxoteko, Alain Alberdi, Anitz Larunbe, Maria Beraza, Sergio Romero, Jokin El Marhoum, Carlos Añazko, Iñaki Sebastian, Johana Irastorza, Unax Ijurra, Aitor Alberdi, Jon Erdozia, Munia El Marhoum eta Unai SabinoZuzendariak: Javier Etxarri eta Juan Ignazio Maiza*Kadeteak: Odei Juango, Iñigo Lasarte eta Pablo Villar. Zuzendariak: Joxe Anduela eta Juan Francisco Mundiñano. *Juniorrak: Lander Auza, Iñaki Mañeru, José Urriza, Javier Lizarraga, Javier Valencia eta Mikel Rubio. Zuzendariak: Iraitz Goñi eta Asier Pellejero.*Masterrak: Iker Razkin, Iraitz Goñi, Juan Carlos Razkin, Mitxel Larunbe, Alberto Anton Reparaz eta Tomas Guirado.Gertutik Joxe Andueza. Aralar Txirrindularitza Taldeko sortzaileetako bat (Lakuntza) Urte asko daramatzazu Aralar Txirrindulari Taldean, ezta? Bai, taldea sortu zenean hasi nintzen, duela 30 urte. Gero afizionatuetan ibili nintzen, Iberdrolan, eta gero Bidelan-Kirolgin aritu nintzen eta berriz etxera bueltatu nintzen, neska-mutil txikiekin lan egitera, oso gustura. Zein kategoriakoekin zabiltza lanean? Normalki kadeteekin ibiltzen naiz, baina eskua botatzen dut eskolan, beti goizez lan egiten dudanez posible dudalako. Kategoria desberdinak daude, aurten lehenengoz ere masterrak. Zeintzuk dira Aralar Txirrindulari taldearen helburuak? Gure lehen helburua da bizikletan ibili nahi duenari lagundu, eta laguntza horren barruan norbaitek afizionatuetara edo profesionaletara saltoa ematen badu hobeto denondako. Hori satisfazio handia da, egindako lanagatik. Aralar taldean hasi eta profesionaletara salto egin dutenak badira... Bai. Lehen txirrindulari profesionala, gurea, Javier Garziandia lakuntzarra izan zen. Gero Jose Luis Arrieta, Gorka Verdugo, Egoi Martinez, Larralde, Javier Etxarri daude. Txirrindularitzarako afizio asko dago Sakanan? Bai, baina urte batzuetan txirrindulari izan nahi dutenen kopurua jaitsi egin da. Orain berriz igotzen hasi da eta espero dugu txirrindulari onak ateratzea, eurekin lan egiteko. Txirrindulari bezala formatzea bai, kirolari onak izatea bai, baina badira beste helburu batzuk ere. Beti esaten da klub guztiek nahi dugula txirrindulariak formatzeaz gain aldi berean pertsonak formatzea, baina beti balore konkretu batzuei lotuta: sakrifizioa, esfortzua, diziplina... Pertsonak formatu, baina balore batzuekin. Taldean txirrindulari asko dituzue, hortaz, badirudi sakrifizio hori hartzeko gaitasuna dutela! Gertatzen dena da egungo neska-mutilek eskolaz kanpoko jarduera asko dituztela. Orduan denak lehentasun bezala jartzea pixkat zaila da entrenamenduak antolatzeko eta hala. Baina kurtsoa bukatuta, uda garaian, errazago izaten da. Horrenbeste ordu bizikletan sartuta, sakrifizioa bai, baina ongi pasatzen duten seinale. Handienek ordu gehiago sartzen dituzte baina txikienek astean bi entrenamendu inguru. Entrenamendu hori kategoriaren arabera: txikiak oso gutxi eta adinean gora gehiago. Hasieran entrenatzen dute baina beren neurrian. Aralar Txirrindulari Taldeak 30 urte. Modu bereziren batean ospatu behar duzue edo beti bezala txirrindula gainean lanean jarraituz? Nik 25. urteurrena betetzerakoan zerbait egitea nuen buruan, baina orduan estatutuak aldatu genituen eta batzuek pentsatzen zuten urteurrena pixkat beranduago zela eta azkenean hor gelditu ginen, ospakizunik gabe. Ea urrezko bodak egiten ditugun!