Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Nafarroako Irristaketa Zirkuituko Txapelketako finalak jokatu ziren Iruñeko San Juanen. Haurren maila, gazteen maila, junior maila eta senior mailako irristalariak aritu ziren. Lasterketa hauek Espainiako Txapelketetarako sailkatzeko baliagarriak ziren; hau da, lasterketa bakoitzeko lehen 10 postuak kontuan hartzen dira Espainiako Txapelketarako ordezkariak hautatzerakoan. Sakanako klubetako irristalariek - Olaztiko Sutegi, Altsasuko Irristaketa taldea eta Urdiaingo Aitziber - lan bikaina egin zuten. Zortzi irristalari aritu ziren: haurren mutilen mailan Gaizka Ocaña (Aitziber); haurren nesken mailan Mireia Ribero (Sutegi), Irantzu Imaz (Sutegi), Saioa Baztan (Altsasu), Sarabe Arakama (Aitziber) eta Maialen Unanua (Aitziber); gazteen nesken mailan Cristina Aldeano (Altsasu) eta juniorren nesken mailan Sandra Villaseca (Altsasu). Gaizka Ocañak urrezko hiru domina lortu zituen. Urdiaindarra txapelduna izan zen 500 m esprintean, 1.500 m linean eta 3.000 puntuetan. Gainera, ez zuen areriorik izan, bere nagusitasuna erabatekoa izan zen. Bestalde, Mireia Ribero laugarrena izan zen 500 m sprintean eta hirugarrena 1.500 m linean eta 3.000 puntuetan. Hortaz, brontzezko bi domina jaso zituen. Eta gainontzekoak oso txukun aritu ziren. Aipatu klubetako entrenatzaile Juli Acebesek dioenez, patinen munduan izena hartzen eta ezagun izaten ari da Sakana, nahiz eta zailtasunak izan, entrenatzeko pista egokia ez egotea eta egin beharreko joan-etorriak kasu, baina sakandar asko aritzen dira irristaketan, ederki disfrutatuz. Irristalariek lan handia izango dute datozen asteotan. Larunbatean Txantreako Irristaketa Trofeoa dago jokoan Txantrean, goizeko 10:00etatik aurrera. Mini mailatik jubeniletara bitartean ariko dira lehian. Sakanako klubetatik 34 irristalari inguru ariko dira. Eta hurrengo asteburuan Espainiako Zirkuitu Txapelketa jokatuko da Iruñean.