Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak Xiba, euskal joko eta jolasen topaketen VII. Edizioa, antolatu du; alde batetik. euskal joko eta kirolak berreskuratu, gaurkotu eta sustatzeko, eta bestetik, herrien arteko harremanak euskal giroan sustatzeko eta euskara bultzatzeko. Finean, garai bateko herrien arteko jokoak berriz plazaratu nahi dituzte. Iaz Sakanako bi taldek hartu zuten parte Xiba jokoetan, Uharte Arakilek eta Etxarri Aranatzek. Uharte Arakilgo taldeak ez zuen lortu Euskal Herriko final handian lehiatzeko txartela. Aldiz, Etxarriko taldea aipatu finalean izan zen eta zazpigarren postuan sailkatu zen. Xiba jokoetan lehendabizi herrialdekako jaialdiak jokatuko dira eta ondoren final handia. Nafarroa Garaiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako jaialdia ekainaren 5ean jokatuko da Burlatan. Goizean Xiba kanporaketa jokatu eta ondoren bazkari ederrean biltzeko aukera izango dute guztiek, eta arratsalde-gauerako kontzertuak antolatu dira. Sailkatutako kirolari guztiak bilduko dituen Euskal Herri osoko jaialdiari dagokionez, ekainaren bukaeran izanen da, baina oraindik ez dute zehaztu non. Izena ematea non Xiba euskal joko eta jolasen topaketan izena ematea zabalik dago, jaialdiak hasi arte. Horretarako (0034) 943 693 516 telefonora deitu edo jrovira@ehik.ikastola.net posta elektronikora jo behar da. 12 pertsonaz osatutako taldeak behar dira, 16 urtetik goragoko 6 neska eta 6 mutilez osatutakoak, gutxienez. Leku bakoitzean 12 proba egingo dira, hiru multzotan banatuta. Lehen multzoan harri-jasotzea, ingudea, lasto altxatzea eta dantza (bi aukera: fandangoa eta arin-arina edo talde bakoitzak bere herritik ekarritako dantza berezia dantzatzea); bigarren multzoan trontza, oskolak, txingak, zaku eramatea eta toka; eta hirugarren multzoan xiba, musa eta sokatira. Taldeen arteko giroa polita izaten da.