Mankomunitateak 120 konpostontzi berri banatu ditu

Guaixe 2010eko maiatzaren 6a

Duela bi urte zabaldutako bidean sakondu nahi du Sakanako Mankomunitateak eta aurten konposta egiteko 120 ontzi banatuko ditu (2008an 45 izan ziren). Dagoeneko hasi da horretan. Asteazkenean itxaron zerrendan zeuden 60tik gora sakandar Altsasuko Iortia kultur gunean bildu ziren. Han etxean konposta egiteko argibideak eman zizkien Novotec enpresako Ruben Ferrerasek. Sakanako Mankomunitateko presidente Migel Angel Zubiriak sarrera hitzaldian konpostatzearen onurak nabarmendu zituen. "Ingurumena laguntzeaz gain, aurreztea dakar. Esaterako, iaz Tuterako hondakindegira zabor gutxiago eraman zen. Etxean ere nabari da eragina, ongarri gutxiago erosi behar baita". Zubiriak Ingurumen Ministerioaren laguntza eskertu zuen. Izan ere, erakunde horren bidez mankomunitateak aurten banatuko dituen 120 ontzietatik 62 jasoko ditu. Aldi berean, hiru ikastetxek konpostagailua hartzea goraipatu zuen Zubiriak. "Konposta egiten ikasiko dute txikiek. Prozesu guztia eta hondakinen kudeaketaren inguruan kontzientzia hartzeko modua izanen da". Etxarri Aranazko San Donato eskola publikoa eta Altsasuko Jesusen Bihotza ikastetxea eta Iñigo Aritza ikastola dira ontziak hartuko dituzten hiru ikastetxeak. MinisteriotikAsteazkenean Altsasun izan zen Ingurumen Ministerioko ordezkari Jose Manuel Baez. Sakanako Mankomunitatea esperientzia pilotuan parte-hartzeko agertu duen interesa eskertu zuen. Aldi berean konpostontzia jasotzeko interesa azaldu zuten sakandarrei ere eskerrak eman zizkien; nabarmendu udal eta herritarrek interesa erakusten dutenean inplikazioa handia dela eta horrek guztia errazten duela, "kalitate handiko konposta lortuz". Aipatu zuenez, 2004 urtetik ministerioak 1,87 milioi euro bideratu ditu halako esperientzietara. Novotec enpresak Ingurumen Ministerioaren lehiaketa irabazi eta estatuan barna eginen diren 14 esperientzia-pilotuak gidatuko ditu, tartean Sakanakoa. Ontzia jaso duten eta konposta egiterakoan zalantzak dituzten sakandarrek enpresa horretako Naiara Arnadillo Nietorekin harremanetan jartzeko aukera izanen dute. Berak esperientziak irauten duen bitartean lautan bisitatuko ditu ontziak hartu dituzten pertsonak. Jarraipena egin eta bederatzi hilabete barru, berriro bilduko dira balorazioa egitera. Jasoko dutena120 litroko konpostontzia, bio-trituratzailea (taldeka ibiltzeko), 10 litroko kuboa eta aireztagailua.