KATU JENDEA

Guaixe 2010eko maiatzaren 13a

Ez da Eider Rodriguez idazle errenteriarra gure lerroetara dakargun lehenengo aldia , aurrekoan "Haragia" bere bigarren ipuin liburua ( berriki gaztelaniara itzuli dena) ere gomendatu baikenuen. Oraingoan "Katu jendea",  edertasunaz eta edertasuna galtzeaz, desio nahiaz eta inkomunikazioaz, harreman eta mendekotasun botereaz mintzatzen zaizkigun zazpi ipuin biltzen dituen liburua.Hirugarren liburu honetan ipuinak luzeagoak dira eta pertsonaia gehiago daude, baina aurrekoak bezain errealistak dira bai egoerak baita protagonistak ere, gure inguruan bizi diren eta gu bezalakoak diren pertsonak baitira."Katu jendea"k, bildumari izenburua ematen dion lehendabiziko ipuinean, Agnesek Yvesek bizilagunaren inguruan jakin beharreko guztia daki egunero zelatatzen baitu, bien katuen bitartez sortuko den harremanak ere ez du haien arteko inkomunikazioa saihestuko. "Hagina"n Anek bere lehendabiziko hagin bat puskatzean bere edertasunaren galtzearen hastapena dela sentituko du; amatasunagatik edertasuna galdu omen duen izenik gabeko pertsonaiak bezala "Hazia"n. "Omarren uda"n ama-alabak uda pasatzera ekarri duten mutiko arabiarra lehiatuko dute, "Louis Vuitton"en protagonistak eta Junek, edertasunak elkartu dituen bi gazteek, egin  bezala Alexekin. Harreman boterea eta diruarena nahasten dira "Kapitalismoa"n, Volvo auto berriak paper garrantzitsua jokatuko duelarik. "On the road" da hari horiek, haririk badago, lotzen ez duten istorioa,   "literaturtasunik gabeko hainbat senide baitago gure herrian" Eiderrek esan bezala.Ipuin zorrotzak dira, Eiderren luma bezain zuzenak, haren idazkeran ez baitago ezer soberan.Izaskun Etxeberria Zufiaurre