Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean despeditu zen 23 urtez azpiko afizionatuen Bidasoako Itzulia. Etapa gogorra zuten jokoan, lehen mailako Aritxulegi, Agiña eta Erlaitz portuak tarteko. Agiñan Tamayo liderra ezinean gelditu zen eta faboritoek, gogor eraso zioten. Etapa Erlaitz gainean erabaki zen eta zortzi txirrindulariko taldetxo batek egin zuen aurrera, Rural Kutxako Jesus Herrada eta Yelko Gomez tartean. Euren artean erabaki zen etapa eta Bidasoako Itzulia. 2 km-ren faltan Simonek erasoa jo eta bakarrik iritsi zen helmugara, eta 28 segundora sartu zen Herrada taldekidea. Segundo bat geroago sartu zen taldetxoa, Rural Kutxako Yelko Gomez zortzigarrena zela. Sailkapen orokorrean lehen etapa irabazi zuen Sergey Shilovek lortu zuen horiz janztea, Rural Kutxako Herradak ez baitzuen lortu euren artean zeuden 7 segundoren arteko aldea murriztea. Herrada bigarrena sailkatu zen, 6 segundora, eta Simon laugarrena, 37 segundora. Yelko Gomez 8.a izan zen, 1:11ra.Rural Kutxa talde sakandarrak sekulako lana egin du Bidasoan, talde onena izan da, baina pena izan da garaipena eskutan izanda bigarren postuarekin konformatu behar izatea.