Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Oskorriren Pub Ibiltariak leporaino bete zuen larunbatean Altsasuko Burunda pilotalekua. 600 pertsona inguru hurbildu zen Altsasuko pilotalekura eta beraien ahotsak batu zituzten Oskorriren eta Sakanako Musika Eskoletako ikasleen instrumentuekin eta Olaztiko eta Altsasuko eskolaniekin. Musika eskoletako ikasleek sobera bete zuten haien helburua, "ongi pasatzearena". Eta, antza, ez ziren bakarrak ezan, ikusleak ere gehiagorako gogoekin geratu ziren eta. "Beste bat" ohiak ez ziren isildu Mendizaleak abestia bigarren aldiz entzun arte.Oskorriko kideak ere oso pozik geratu ziren emaitzarekin eta zorionak eman zizkieten Musika Eskoletako ikasleei. Altsasuko Musika Eskolako zuzendari eta Sakanako musikarien koordinatzaile Josu Estarronak Natxo de Feliperen deia jaso du. Oskorriko abeslariak musikarien maila txalotu zuen, "gutxi dira atzetik hainbeste lan eginda ematen diren kontzertuak" esan zion. Sakanako musikariak Iruñean abenduan egiten den Pub Ibiltarira gonbidatu zituzten. Altsasuko Musikako Eskolako zuzendariak esker hitzak izan ditu parte hartzaileendako eta, batez ere, bertaratu ziren guztiendako, "haiek gabe ezinezkoa izango litzatekeelako horrelakoak egitea".