Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ezker Batuko Ion Erro parlamentariari erantzunez, Jose Maria Roig Aldasoro kontseilariak atzo esan zuen ez duela beharrezkoa jotzen Sakanako ekonomia pizteko plan berezirik. Kontseilariak Nafarroako Gobernuak ibarrean egindako zenbait ekimen gogora ekarri zituen: Sunsundegui laguntzeko zortzi milioi euro jarri dituela; Isphording-eko lantegia erosi eta han 20 lanpostu sortuko dituen kooperatiba bat kokatzea edo Urdiain-Altsasu industrialdea garatzea. Erro parlamentariak erantzun zion Nafarroako Gobernuak antzeko jarduerak egiten dituela herrialdeko beste eskualde batzuetan ere. Plan berezi bat eskatu zuen, Sakanako egoera berezia delako. Galdetu zuen industrialdeko lanak udazkenerako hasiko ote ziren eta gero han enpresak jartzeko lan eginen duen. Horrekin batera, NEB-IUNeko kideak, besteak beste, enplegu politikak garatzeko Sakanako erakundeekin akordioak ixtea eskatu zuen.