Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur, maiatzaren 14an abiatuko da Frantziako Picardie Tourra, eta igandean despedituko da. Hiru etapako proba honetan hiru sakandar ariko dira Euskaltel taldean: Gorka Verdugo etxarriarra, Pablo Urtasun urdiaindarra eta Jorge Azanza altsasuarra. Denak, baina Urtasun bereziki, Koldo Fernandez de Larrea esprinterra laguntzen ariko dira. Bestalde, Dunquerqueko Lau Egunetako txapelduna Ag2rko Martin Elmiger izan zen, Caisse d´Epargneko Rui Costari4 segundo eta talde bereko Rojasi 17 segundo aterata. Bere lankideen alde lan asko egiteaz gain, talde bereko Imanol Erbiti hiriberriarra zazpigarrena izan zen, 35 segundora. Euskalteleko Pablo Urtasunek lasterketa utzi behar izan zuen, birus batek jota. Eta 23 urtez azpikoen Bidasoako Itzuliko talde onena Rural Kutxa sakandarra izan zen. Larunbateko azken etapak erabaki zuen itzulia, eta nahiz eta Rural Kutxak izugarrizko lana egin, Sergei Shilov (Lokomotiv) irabazi zuen itzulia. Rural Kutxako Herrada bigarrena izan zen, 6 segundora eta talde bereko Yelko Gomez 8.a, 1:11ra. Larunbatean juniorrak IrurtzunenIgandean kadeteek 60 km-ko lasterketa dute Arronitzen, 11:00etan. Juniorrak, aldiz, Irurtzun-Goldaratz Lacturale Sari Nagusia dute jokoan igandean. 70 km-ko proba izango da eta Irurzungo Plazaola hoteletik abiatuta, Urritza, Udabe, Jauntsarats, Etxaleku, Madotz eta Alli pasako dituzte, Goldaratzen despeditzeko. Masterrak, bestalde, larunbatean goizeko 10:00etan 15 km-ko erlojupekoa izanen dute jokoan Fiteron, Nafarroako Erlojupeko Txapelketa izango dena. Afizionatuen kasuan, larunbatean 137,8 km-ko lasterketa dute Berriatuan, 15:30ean, Euskaldun Torneorako baliagarria. Eta igandean, 23 urtez azpiko Torneorako puntuagarria den 118 km-ko lasterketa dute Natxituan, 16:00etan hasiko dena.