Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hotza, euria, haizea, lohia eta Aratz, Aitxuri eta Aizkorri mendi puntetan elurra. Panorama hori topatu zuten IX. Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren irteeran aurkeztu ziren korrikalariek. Proba Munduko Koparako baliagarria zen eta erronka, gogorra: 42,195 km eta 5.472 metroko desnibel pilatua, besteak beste puntak zurituta zituzten Aratz, Aizkorri eta Andraitz gaindituz. Igandekoa infernua izan zen helmugara iritsi ziren 409 korrikalariendako eta bidean erretiratu behar izan ziren eta mina hartu zuten guztiendako. Unzurrunzaga lehen beteranoaGiro nahasi horretan 22 urteko Kilian Jornet kataluniarrak sekulako erakustaldia eman zuen eta ia lasterketa guztia bakarrik egin zuen (3:56:30), ibilbidean barna eta eguraldi petralari aurre eginez bildu ziren zaleen gozamenerako. Zegaman bere hirugarren garaipena lortu zuen katalanak zaleen begi sinestezinen aurrean. Aitor Osak sorpresa eman zuen, eta nahiz eta arazo fisikoekin egon bigarrena izan zen, 11:56 minutura (4:08:27). Eta Uharte Arakilgo Angel Arrietak lan bikaina egin zuen. Jose Luis Arrieta txirrindulariaren anaia bosgarrena iritsi zen Zegamako helmugara (4:19:12), lehen sakandarra. Atzerago, 20.a sartu zen Ander Unzurrunzaga etxarriarra (4:35:36); oraindik ere sasoian dagoela erakutsi zuen eta probako lehen beteranoa izan zen. Bestalde, Emanuela Brizio italiarra izan zen lehenengo emakumea (4:47:51), eta ez zuen areriorik izan. 22 minutu pasa atera zizkion Nerea Amilibiari (5:09:54). Maitane Txueka izan zen lehen emakume sakandarra (6:59:00). Emakumezkoetan 34.a izan zen arbizuarra. Jone Pelaez altsasuarra 35. emakumea izan zen (7:03:33). Asko sufritu zuen altsasuarrak, duela 15 egun parte hartu zuen Alacanteko ultra trailaz guztiz errekuperatu gabe baitzegoen. Iaz baino ordu bat gehiago kostatu zitzaion amaitzea, eta ibilbidea lohiez gainezka zegoela aipatu zuen. Hortaz, eta zeuden baldintza gogorrak kontuan hartuta, aipatzekoa da korrikalari sakandarrek sekulako maila eman zutela Zegama-Aizkorrin. Igandean Zarautz-Pagoeta mendi lasterketa dago jokoan, 15kilometrokoa eta 1468 metroko desnibel pilatua duena. Sakandarren sailkapena 1.Kilian Jornet (Salomon Santiveri): 3:56:30 5.Angel Arrieta (Aralar Mendi): 4:19:12 20.Ander Unzurrunzaga (Dantzaleku S.): 4:35:36. Lehen beteranoa 113.Damian Andueza (Dantzaleku S.): 5:18:39 121.Beñat Katarain (Dantzaleku S.): 5:21:49 123.Aitor Begiristain (Dantzaleku S.): 5:22:10 143.Fermin Gabirondo (Dantzaleku S.): 5:29:19 247.Fernando Igoa (Dantzaleku S.): 6:05:34 248.Jose Antonio Salgado (Dantzaleku S.): 6:05:34 353.Maitane Txueka (Dantzaleku S.): 6:59:00 360.Jone Pelaez (Dantzalekuk S.): 7:03:33