Kimuen maila bikaina

Guaixe 2010eko maiatzaren 19a

Asteburuan Nafar Kirol Jolasen Kimuen Txapelketako finalak jokatu ziren. Olaztiko Sutegi, Altsasuko Irristaketa Taldea eta Urdiaingo Aitziber taldeak kontuan hartuz, zortzi irristalari aritu ziren lanean, 5 neska eta 3 mutil. 1.000 metro eta 1.500 metroko lasterketetan aritu ziren lanean, eta oso ongi gainera, denak finalerako sailkatu baitziren. Kontuan hartuta txapelketa hauek Kimuen Espainiako Trofeorako sailkagarriak zirela, Sakanako zortzi irristalariak aipatu txapelketarako sailkatu dira. Txapelketa ekainaren 5ean eta 6an jokatuko da Iruñean. Horretaz gain, miniak eta benjaminak aritu ziren lanean. Mini mailan aritzen den Sutegiko Anne Lapuente bigarrena izan zen sailkapen orokorrean. Aipatu taldeetako entrenatzaile Juli Acebesek oso balorazio ona egin du. "Sakanako irristalarien maila oso ona da, eta, ditugun baldintza kaskarrak kontuan hartuta, harrigarria" nabarmendu du, eta zorionik beroenak eman nahi dizkie guztiei. Larunbat goizean Txikien Ligako jardunaldia jokatuko da Amaia instalazioetan.