Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maiatzaren 26an, asteazkenarekin, hasiko da afizionatuen mailako Nafarroako Itzulia eta maiatzaren 30ean despedituko da. Zita inportanterako prestatzen ari dira Sakanako Rural Kutxa eta afizionatuen beste taldetan ari diren txirrindulari sakandarrak. Baina horretaz gain, asteburu honetan 19 eta 20 urteko txirrindulariek Lehendakari Txapelketarako baliagarriak diren bi lasterketa izanen dituzte. Larunbatean LX. Loinaz Proba hartuko du Beasainek 16:00etatik aurrera (112 km), eta igandean, LXXV. Pentekostes Saria jokatuko da Bergaran, 9:30ean (107). Eta kategoria txikietan, kadete mailako lasterketa jokatuko da larunbatean 18:00etan Villatuertan, 52,8 km-ko XIII. Electricidad Fija Trofeoa. Urtasun eta Arrieta Bayern RundfahrtenEuskaltelek maiatzaren 26tik 30era jokatuko den Bayern Rundfahrt lasterketan parte hartuko du, eta bertan ariko da Pablo Urtasun urdiaindarra. Koldo Fernandez de Larrea eta Igor Anton taldeburuak laguntzea izango du lana. Bestalde, eta ezker besoko ukondoan zuen lesioaz osatu eta gero, aipatu lasterketan lanera itzuliko da Ag2r taldean dabilen Jose Luis Arrieta uhartearra. Bestalde, Jorge Azanza altsasuarrak sekulako erorikoa izan zuen igandean despeditutako Frantziako Picardie Tourrean. Azken etapan, helmugarako 10 km-ren faltan, Koldo Fernandez de Larrea taldekidea esprinterako ongi kokatzeko lanetan hasi zen Azanza, eta tropelean aurrera egiten hasi zen, atzean Fernandez de Larrea zuela. Bat-batean lurrean erorita zegoen txirrindulari talde batekin egin zuen topo Azanzak eta ezin izan zuen kolpea ekidin. Lurrera erori zen eta belaunak erreta zituen, baina jarraitzeko asmoz jaiki zen. Mekanikoak bere karbono-zuntzeko bizikleta ekarri zion, baina erdibituta zegoen. Sekulako kolpea hartu zuen, baina zorionez ez zen larria izan. Bada, Ben Swift britainiarrak irabazi zuen Picardieko Tourra, eta Koldo Fernandez de Larrea bigarrena izan zen. Berari laguntzeko lan handia egin zuen Pablo Urtasun urdiaindarra 67.a izan zen, 2:46ra eta Gorka Verdugo etxarriarra 113.a, 6:45era. Azanzak ezin izan zuen helmugara iritsi. Fdez de Larreak taldekideek egindako lan gogorra eskertu zuen, eta Jorge Azanza izan zuen gogoan.