Apirilean langabezia jaitsi zen

Guaixe 2010eko maiatzaren 18a

Hirugarren hilabetez jarraian langabeziak behera egin du ibarrean. 47 sakandar gutxiago daude enplegu bulegoan izena emanda; guztira 1.385. Hala ere, urte hasieran baino langabetu gehiago daude, 43. Eta duela urte bat baino 360 langabe gehiago. Hain zuzen ere, iazko apirilean gainditu zen Sakanan mila langabetuen muga (1.025). Nafarroako Enplegu Bulegoak aditzera eman duenez, Altsasuko enplegu bulegoan langabeen zerrenda 48 pertsonatan murriztu da. Iruñeko enplegu bulegora jo behar duen arakildar bat gehiago dago, ordea. Sexuari dagokionez, emakumeak dira langabezian dauden gehienak, 725. Hori bai martxotik apirilera 45 emakume gutxiago daude enplegu bulegoan izena emanda. Gizon langabeen kopuru 660koa da (bi gutxiago).Sektoreei dagokienez, zerbitzu arloan pilatzen dira sakandarren lan eskaintza gehienak: 674 (22 gutxiago). Industrian lan egiteko 493 eskaera daude (29 gutxiago). Eraikuntzan lan egiteko prest dauden sakandarrak 120 dira (bat gutxiago). Lehen sektoreari dagokionez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 27 sakandarren eskaerak ditu jasoak (hiru gehiago). Despeditzeko, aurretik lanik egin ez duten eta lan egin nahiko luketen sakandarrak 69 dira (bi gehiago).Nafarroa  Apirilaren akaberan Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan 1.381 pertsona gutxiago zeuden langabezian aurreko hilabetearekin alderatuz gero. Guztira, 42.372 nafar zeuden lanik gabe. Haietatik 21.265 emakumeak dira eta 21.107 gizonezko.