Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Duela urte bat euskal gehiengo sindikalak greba orokorra deitu zuen eta Sakanan jarraipen "garrantzitsua" izan zuen. Ekonomia egoerak bultzatuta egin zen deialdi hura eta urte bat pasa eta gero ekonomia krisiak mobilizazio berri bat ekarri digu, gaur ostiralerako Abian plataformak deitu duena. Prekarietateari eta langabeziari stop esan eta Sakanan lan eta bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dute lanuzte eta kontzentrazioekin deitzaileek. Abian plataformatik adierazi dute Sakanan lan eta bizitzeko, hori bermatzeko bi gai izan behar direla kontuan. Lehenengo eta behin, "enplegu suntsiketa gelditzea eta horrekin batera sakandar guztiendako enplegu duina exijitzea". Eta, horri lotuta, "Sakanan garapen oso edo integrala bultzatzeko konpromisoa hartu behar dute eragile eta erakundeek". Stop handi batHori da hain zuzen Abian plataformak lan uztearekin eta mobilizazioekin irudikatu nahi duena. Ekonomia-krisi "egoera honen aurrean ezin gara besoak gurutzatuta gelditu". Langabezian eta erregulazioan dauden sakandar ugariak, lantegi itxiak, kaleratzeak, enpresen leku-aldaketak, malgutasuna, aparteko orduak eta bestelakoek "lan baldintzak okertu" dituztela salatu du plataformak. "Urteetan borrokatutako gure eskubideak kendu nahi dizkigute kapitalismo berak eragindako krisiaren aitzakiapean".Abian plataformak krisiaren erantzule "kapitalismoaren harrapakeria" egin du, "enpresariek azken urteetan izandako irabazi izugarriak ez ditu ase". Krisia gainditzeko langileriari sakrifizioa eskatzen zaiela nabarmendu du plataformak: "gure eskubideak ukatu eta prekarietatean oinarritutako enplegua orokortzeko, edo gure pentsioak murrizteko erreformak martxan jarri nahi dituzte". Sakana egoera orokor horren bazterrean ez dela gelditzen ere azaldu dute Abian plataformatik. 12:00etatik 14:00etaraPlataformak bi ordu horietan gelditzera deitu du. AtxikimenduakLAB Sindikatua, EHNE Nafarroa, Ezker Abertzaleko Sakananko 41 hautetsiak, Sasoia, Etxerat, Lakuntzako Udala, Arbizuko Udala, SAGA (Sakanako Gazte Asanbladak), Ikasle Abertzaleak, Gazte Mugimendu Independentista, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Askapena, Txuixoo, arte martzialen eskola (Etxarri Aranatz), Etxarri Aranazko Alkartetxea, Etxeazpi elkartea (Etxarri Aranatz), Larrañeta elkartea (Etxarri Aranatz, Karrikestu elkartea (Etxarri Aranatz), Udaberri elkartea (Etxarri Aranatz), Etxarri Aranazko pilota eskola, Uharte Arakilgo Galtz Horratz kultur taldea, Etxarri Aranazko Gazte Asanblada, Uharte Arakilgo Gazte Asanblada, Haizea elkartea (Lakuntza), Aizpea euskara taldea, Iratxo elkartea, Orritz dantza taldea, Iskidi joaldunen taldea eta Irurtzungo ezker abertzaleaGehiengoz deialdiarekin bat egin duten enpresa batzordeak: Hydro, Sapa, Sakana S. Coop, Electricidad Ramos, Aceros Moldeados, Saprem, Dos Harmanas granjak, Etxarri Aranazko Ikastola, Txioka haur ikastola, Altsasuko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Goilak, Etxarri Aranazko Udala, Olaztiko Udala, Sakanako Mankomunitatea, G H Guema manutencion, Mecalsa, Tapicar, Piensos Unamuno, Prosimed, Albaitaritza eta Egoki. Haietaz gain, LABeko delegatuak honako enpresetan: Laneko, Barranquesa, Magoteaux, Arfe, Eguzkia, Sunsundegui eta Apoyos Metalicos.ELAk ez du bat egin deialdiarekinELA sindikaturen ustez "erantzun sindikal zabala eta bateratua prestatzea behar da". ELAk ez du deialdiarekin bat egin "lan-mundura begirakoak izanik sindikalgintzaz kanpotik antolatu baitira". ELAk dio "sindikatuen arteko elkarlana benetan garatu nahi bada" halakoak traba direla. Sindikatuak dio azken urteetan Sakana eta Nafarroako zenbait eskualdek bizi duten egoerarekin"kezkaturik" dagoela. Aldi berean, ELAk salatu du Nafarroako Gobernuaren utzikeria eta egonean egotea, "eta askotan mobilizatu gara horregatik". ELA "Sakana dagoen egoera larritik ateratzeko" ahaleginak egiteko prest azaldu da. Sindikatuarendako lehentasuna da "langileria antolatu eta bultzatzea, horren bidez arazoaren larritasuna gizarte osora helarazi, azken batean Gobernuaren politika aldarazteko, eta kalitatezko enplegua eta industrializatzea sustatzeko". Horregatik adostasunaren aldeko deia egin du. Baina Sakanako sindikatuen arteko gatazken inguruan "oinarrizko joko-arau batzuk errespetatzea" eskatu du berriz, "sindikatuok batera jokatzea nahi badugu, eta noski nork bere kritikak egiteko askatasunari inola ere ukatu gabe". ELAk erakunde guztien arteko begirunea eta leialtasuna adierazten dituzten lankidetza-arauak betetzera dei egin du.Iritzi trukea IrurtzunenUdalak, bestalde, ez zuen onartu Abian Plataformak aurkeztutako mozioa. Hautetsi independentistek haren alde egin zuten, UPN abstenitu egin zen eta NaBaik kontrako botoa eman zuen. Beraz, udalak ez du bat egiten gaurko deialdiarekin. NaBaitik adierazi zuten lan munduaz egindako azterketarekin ados daudela (lan suntsiketa gelditu eta lan duina aldarrikatu). Era berean, uste dute Sakanako Garapen Integralerako Plan bat egin beharra dagoela, "baina modu bateratuan". Horren alde lan egutegi bat sustatzeko konpromisoa hartu zuten. Hala ere, koalizioa ez dago ados udalak lan uztea egitearekin eta herritarrei hartara deitzearekin. Hori herritarren erabakiak errespetatzeko modua zela azaldu zuen. Hautetsi independentistendako Sakanako egoera kritikoa da eta udalek halako ekimenetan parte hartzeko garaia bazela uste dute. Independentistek gaineratu zuten udalari Abian plataformak eskatzen diona ez dela ez gehiegizko ezta tokiz kanpokoa ere". Azkenik, erregionalistek esan zuten ekonomia-krisiak gizarte guztia kolpatu duela. Horri aurre egiteko krisiaren kontrako neurriak eta Nafarroa 2012 Plana martxan jarri dituela nabarmendu zuten.