Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urtero bezala Etxarriko Gazte Asanblada Euskal Astean murgilduta dabil. Jadanik haurren egunaz gozatzeko aukera izan genuen joan den igandean, eta ostegun gauean Sorkunen kontzertua izan zen gaztetxean. Gaur, ostirala, 28, Gasherbrum II-ra mendi igoera baten filmina emanaldia izanen da gaztetxean gaueko hamarretan, eta larunbatean, maiatzak 29, Euskal Festa datorkigu. Egun osoan zehar izanen da zer egitekoa, goiz-goizetik gaueko ordu txikiak arte. Goizeko hamarretan gaiteroekin diana izanen da, eta jarraian hamaiketan herri mugimenduen azoka. Kirolari ere tartea eginen zaio festa barruan, hamabi eta erdietan Sakanako gazte asanbladen arteko herri kirolak izanen baitira. Ondoren nola ez, bazkari herrikoia, eta arratsaldean makina bat ekitaldi, Etxarriko talogileak, bertsolariak (Eneko Lazkoz, Xabier Terreros eta Xabier Silveira), trikitilariak eta giro bikaina. Zortzi eta erdietan manifestazioa eginen da, "Euskararen herria aurrera, Guaixe ta Beleixe aurrera" lelopean. Gauean, Etxarriko plazan, alde batetik metal gaztea dakarkiguten Orangutan Swimming taldea, bestalde doinu irlandarrak gogora ekarriko dizkiguten Bizardunak, eta gaua ondo amaitzeko, Tximeleta, guztioi gerria mugiaraziz. Estilo oso ezberdinak, oholtza gainean, gustu askotariko estilo eta jendea, denok Euskal Festan batuta, Euskararen herria eraikitzen. Animatu, ziur aski egun guzian zehar giro bikaina izanen da!!!