Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ez dago beste hitzik Irurtzungo MRA Navarra Xotak lortutakoa izendatzeko. Aurrekontu aldetik talde erraldoiak direnen ondoan MRA Navarra Xota talde umila izan da beti, eta aurten are gehiago, krisia dela eta aurrekontua nabarmen jaitsi behar izan baitzuen Tatono Arregi presidenteak kudeatzen duen klubak. Jokalari izarrak joaten utzi eta jokalari beteranoak gaztetxoekin uztartu zituen Imanol Arregi entrenatzaileak, talde umila baina oso lehiakorra sortuz, beti ere ohorezko mailan mantentzeko helburuarekin. Eta nahiz eta talde horrek Ohorezko mailako denboraldiko lehen zatian krisi unetxo batzuk pasa - sailkapenean azkenaurrekoak izan ziren - , bigarren zati ederra egin zuten, liga erabakitzeko play off-etarako sailkatuz. Hori gutxi zela eta, balentria ikusgarria egin du: final laurdenetan munduko talde onena den Inter Movistar utzi zuen bidean, eta final erdietan denboraldi bikaina egin duen Caja Segovia. Historian lehen aldiz play off-etako finala jokatuko du Imanol Arregiren taldeak El Pozo Murcia talde ahaltsuaren kontra, eta bitartean lortutakoa ospatzen dihardute MRA Navarra Xotakoek, irurtzundarrek eta nafarrek. HirugarreneanCaja Segoviaren kontrako lehen partida irabazi zuen MRA Navarrak, penaltyetan, baina larunbatean jokatutako bigarrena gutxigatik galdu zuen (5-4). Igandeko hirugarren partidak erabaki behar zuen, hortaz. Bi taldeak dena ematera atera ziren eta partida ikusgarria jokatu zuten. Ikuskizun hutsa izan zen bi taldeak lehiatzen ikustea, MRA Navarra bereziki. Aipatzekoa da bi taldeen gol aukerak hasieratik hasi zirela eta atezainek sekulako geldialdiak egin zituztela. Cidaok sartu zuen MRAren lehendabiziko gola, baina 30 segundora Caja Segoviako Danielek berdintzea lortu zuen. Baina nafarrek ez zituzten nerbioak galdu, taldea berregin zuten eta hurrengo minuturako Williamek 1-2koa ezarri zuen markagailuan. Atsedenaldiaren ondoren MRA Navarrak ongi jokatu zuen baina Caja Segoviak, nahiz eta saiatu, ez zuen kontrako atean aztatu. Orduan, MRA defendatzera pasa zen eta Caja Segoviak ezin izan zuen ezer egin. MRA Navarraren hirugarren gola sartu zuen Willianek, eta nahiz eta kontraeraso eta erasoek jarraitu, horrela despeditu zen lehia. 1-3 eta MRA Navarra finalerako sailkatua. Jokalari guztiek lan bikaina egin zuten, baina aurten ohorezko mailan estreinatu den Jesulitok sekulako partida jokatu zuen. UmilakIrurtzungo jokalariek ez zuten sinisten. Besarkadak eta aurpegi alaiak nagusi ziren, baina baita malkoak ere. "Umilak gara, eta horregatik hau handiagoa da" zioen Imanol Arregi entrenatzaileak, egindako balentria sinistu ezinda. "Jende guztia flipatzen ari da eta ez da gutxiagorako, hau sekulako bonbazoa baita. Iaz baino talde umilagoa da eta orain finalean gaude" adierazi zuen. Imanol Arregiren esanetan "hau ametsa da baina bestalde sekulako inbertsioa, jokalari gehienak lehia gogoa duten jokalari oso gazteak baitira, eta etorkizun handia dute" nabarmendu zuen. "Hau ez da egunero gertatzen, eta finalean gertatzen dena gertatuta, gu txapeldunak gara jada. Baina finalean dena emango dugu" azpimarratu zuen. Taldeak Segoviatik bueltan Aranda de Dueron egindako afari batekin ospatu zuen garaipena. Tatono Arregi presidenteak adierazi duenez ligako finalerako sailkatu izana historikoa da, baina baita urte luzez areto futbolaren alde lan asko egin duen jendearen fruitua ere. "Nafarroako kirolarendako egun garrantzitsua izan zen igandekoa, klubak dituen 32 urteko historiari saria da, eta merezi dugu" zioen. Jokalari eta teknikariei "cum cum cum laude" izendapena eman zien, eta azpimarratu zuen MRA Navarrak bihotza eta arima duela eta taldearen nortasuna umiltasuna eta lana direla. Zaleak, babesleak eta bidean gelditutakoak izan ditu gogoan presidenteak, urte luze hauetan taldean sinistu izanagatik. Zergatik ez?El Pozo Murcia eta MRA Navarrak jokatuko dute Ohorezko Mailako final handia. Bost partidatan onena izango da txapelduna. VEO 7 kateak emango ditu finalak zuzenean. Aurrekontu itzela duen El Pozo Murcia talde ahaltsua da faboritoa, baina MRA Navarra ez da inorekin kikiltzen, eta eman duen maila ikusita, final oso lehiatua aurreikusten da. Edozein izan daiteke garaile. Behin historia eginda, MRA baita ere. Zergatik ez?MRA Navarra Xota finalera sailkatzeak eromena piztu du. Facebook sare sozialean "Somos verdes" izeneko taldea sortu da eta izugarrizko mugimendua dago. Finala-Lehen partida: El Pozo Murcia - MRA Navarra (maiatzak 29, larunbata, 18:00etan Murtzian)-Bigarren partida: El Pozo Murcia - - MRA Navarra (maiatzak 30, igandea, 18:00etan Murtzian)-Hirugarren partida: MRA Navarra - El Pozo Murcia (ekainak 5, larunbata, 18:00etan Iruñean)-Laugarren partida: MRA Navarra - El Pozo Murcia (ekainaren 6an, 20:00etan Iruñean, beharrezkoa balitz)-Bosgarren partida: El Pozo Murcia - - MRA Navarra (ekainaren 9an, asteazkenean, 20:00etan Murtzian, beharrezkoa balitz)