Sakanako Kirol Aste berezia

Guaixe 2010eko maiatzaren 27a

Sakanako Mankomunitateak aurten antolatutako Kirol Astea ezberdina izango da, berezia. Orain arte kirolari ezagunen hitzaldiak eta beste izaten ziren, baina aurten kirola eta osasunaren garrantzia nabarmendu nahi du Mankomunitateak eta Kirola eta Osasunaren Jardunaldiak antolatu ditu ekainaren 8rako. Helburua kirolariei eta pertsona orori, ariketa fisikoa egiten dutenei bereziki, mediku azterketaren garrantziaz sentiberatzea da. Horretaz gain bi ikastaro egonen dira. Amaia Gerrikagoitia teknikariak azaldu zuenez, Bizkaiko Foru Aldundiko Langileekin harremana aspaldikoa zen. "Mankomunitatearen funtzionamendua ezagutu nahi zuten, eta jardunaldiak egin genituen Lekunberrin eta gero Altsasun. Harremana egin eta Bizkaiko kirol-medikuntza jardunaldietan egon ginen. Eta nolabait jardunaldi horiek ekarri nahi izan ditugu" azaldu zuen. Nori zuzendua eta izen emateaHorrela, Mankomunitateak antolatutako Kirol Astean kirola eta osasuna batu izan nahi dituzte. Horretarako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa (CEIM), Nafarroako Gobernua eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan du Mankomunitateak. Ekitaldi nagusia ekainaren 8ko Kirola eta Osasunaren Jardunaldiak izango dira. Jardunaldiak ondokoei zuzenduta egongo dira: Nafarroako kirol teknikariei - udaletakoak eta Kirol Institutukoak - , Sakanako alkate eta zinegotziei, Sakanako kirol elkarte eta gainontzeko kirol eragileei eta Osasun Etxeetako medikuei. Parte hartu nahi dutenek ekainaren 3a baino lehen eman beharko dute izena 948 464 866 telefonoan.Osasuna eta kirola batzearen beharraAmaia Gerrikagoitiak azaldu zuen kirola eta ariketa fisikoa egiten duen jende asko dagoela. "Asko paseatzera doaz, zizak bilatzera, korrika egitera... eta horrek guztiak esfortzu bat eskatzen du. Horregatik ez soilik kirola egiten dutenak, guztiok egin behar genituzke esfortzu azterketak edo probak, azkenaldian entzuten diren bihotzekoen, bat-bateko heriotzen eta halakoen prebentzioa egiteko" gaineratu zuen. Egun aipatu probak zentro pribatuetan egiten dira eta 50 euro inguruko kostua dute. "Kontua da gehienak ez gaudela sentsibilizatuta honen inguruan" azaldu zuen Nerea Martinez teknikariak. Mankomunitateko kirol teknikariek adierazi dutenez, Bizkaian kirol-medikuntza zerbitzu zuzena dute herritarrek. Furgoneta bat herriz-herri ibiltzen da, nahi duten herritarrei esfortzu proba eginez, eta kirol monitoreei pertsona bakoitzari duen egoeraren arabera zein ariketa proposatu behar dieten gomendatuz. Baina Nafarroan ez. Bizkaian nola lan egiten den ikusiko den jardunaldietan. Nafarroako Gobernua kirol-medikuntzaren inguruan sentsibilizatuta dagoela azaldu zuen Gerrikagoitiak, eta proiekturen bat martxan jartzeko asmoa dagoela, baina oraindik geldirik dagoela da kontua. Familia medikuak eta kirol teknikariak formatzearen aldekoa omen da Gobernua. Sakanako Mankomunitatea, aldiz, kirol-medikuntza zerbitzua sortzearen aldekoa da, Bizkaian bezala. Kirola egitea beharrezkoa eta osasuntsua da, baina norberaren ahalmenen arabera. "Horregatik idealena kiroldegi batean medikua eta Gorputz-Hezkuntzan lizentziatutakoa egotea litzateke, bertara jendea joan eta norberaren egoera konkretuari aplikatuta kirol ariketa konkretuak jartzeko" zioten. Baina hori errekurtso ekonomikoen araberakoa da eta une hauetan, zaila. "Kirola egitea inportantea da gaixotasunak saihesteko, eta segimendu eta kontrol medikuen beharraz sentsibilizatzeko antolatu ditugu jardunaldiak. Horregatik gonbidatu ditugu kirol teknikariak, zinegotzi eta alkateak, kirol klubak, soinketa irakasleak eta Osasun Etxeetako medikuak" nabarmendu zuen Gerrikagoitiak. Jardunaldiez gain, bi ikastaroAipatu jardunaldiez gain, bi ikastaro antolatu dira Sakanako Kirol Astearen barruan. Sakanako ikastetxeetako irakasleei zuzendutako oinarrizko bizi-euskarriaren ikastaroa da bat. Egoera larri eta berezien aurrean - norbait itotzear, bihotzekoak, epilepsiak... - zer egin behar den erakutsiko da bertan. Irakasleek beraiek eskatuta antolatu da hitzaldia, behar hori ikusten delako. Mankomunitatean emanen da, ekainaren 10ean, 16:00etatik 20:00etara. 31 irakasleek izena eman dute eta beste 20 itxaron zerrendan daude.Bestalde, Burundako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleek lehen sorospen ikastaroa jasoko dute ekainaren 7tik 11ra bitartean, lehen laguntzek zein garrantzia handia duten ikusteko. DYAk eskainiko du. Laugarren urtea da ikastaro hau ematen dena, Sakanako herriak txandakatuz. Aurten berriro Burundan eskainiko da, Olazti eta Urdiaingo eskoletan eta Altsasuko Zelandin, Korazonistetan eta Iñigo Aritzan. Egitaraua10:00etan: Jardunaldien aurkezpena. Migel Angel Zubiria (Mankomunitateko lehendakaria), Adolfo Araiz (Mankomunitateko kudeatzailea) eta Ruben Goñi (Mankomunitateko kirol batzordeko lehendakaria).10:15ean: Ariketa fisikoa eta osasuna.-Programaren helburuak: Ignazio Arbeloa (Nafarroako Gobernuko Kirol Institutuko zuzendari ordea).-Ariketa fisikoa eta osasuna: Esteban Gorostiaga (Naf. Gobernuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa)11:15ean: Auzatea.11:45ean: Kirol medikuntza, Bizkaiko udalek antolatzen duten Guztiontzako Kirolari laguntza.-Programaren helburuak eta filosofia: Iñaki Mugika (Bizkaiko Foru Aldundiko Kirolen zuzendari nagusia).-Antolakuntza eta lan taldea: Kepa Lizarraga (Bizkaiko Foru Aldundiko kirol-medikua)-Talde teknikoa eta azterketaren edukiak: Javier Serra (Bizkaiko Foru Aldundiko kirol-medikua).12:45ean: Unitate mugikorra ikustea (kirolariei bertan egiten zaizkie esfortzu-probak)14:00etan: Bazkaria Basomutur erretegian.