Euskal Herriko erdigunearen kontra jo dute

Guaixe 2010ko mai. 27a, 00:00
Aurreko ostiralean Felix Isasa Euskal Herriko erdigunera joan zen. Puntura iristean konturatu zen norbaitek edo norbaitzuk kaltetu egin zutela erdigunea markatzen duen zutikako harria eta haren ondoan dagoen postontzia. Apirilaren 24an izan zen Sakanako Ibilaldi handia eta orduan osorik zegoen. KalteakFelixek jakinarazi digunez, Euskal Herriko erdigunea markatuz zutik dagoen harriaren muturra hautsi dute. Iparraldeko aldean lauburua marraztuta zuen eta hegoaldean EH hizkiak eta erdigunea adierazten zuten borobil zentrokideak. Harri mutur hori desagertu egin da. Bestalde, 2005eko irailaren 25ean Paz de Ziganda, Lizarra, Laskorain (Tolosa) eta Gasteizko ikastola batek jarritako postontzia ere kaltetu dute. Euskaraz bizi ekimenaren barruan jarri zuten postontziaren oinarria danbolin bat da. Haren gainean, txapa bat dago, lau figura eta ikastolen konfederazioaren ikurra zituen. Ikurra doblatu egin dute eta iruditxoak desagertu egin dira. Atzera begiraFelix Isasa ingeniariak Euskal Herriko erdigunean kalkulatu eta 2004an hura seinalatuz metro erdiko harri bat zutik jarri zuen eta inguruan harriz eginiko borobiltxo bat. Hurrengo urtean Sakanako Ibilaldi Handia erdigunetik pasatzen hasi zen. 2005eko irailean ikastolek han postontzia jarri zuten. Harekin batera metro bateko alturako harriak jarri zituzten erdigunean. Felix Isasak berak margotu zituen gerora lauburua eta EH hizkiak. Erdigunea bisitatu duten mendizaleen ekarpenekin zentrokide diren hiru borobil sortu dira urte hauetan. Bestalde, Anaitasuna mendi talde iruindarrak 2007an plaka bat jarri zuen, bere 50. urteurrena gogoratzeko. 1.236 metroAltuera horretan dago erdigunea, Olibesarion. Beriaingo tontorretik 650 metrora.