Lacturalek goreneko zaporea saria eskuratu du berriro

Guaixe 2010eko maiatzaren 31

Aurreko ostegunean Bruselasen banatu zituen Zaporearen eta Kalitatearen Nazioarteko Institutuak, iTQi, Zapore Gorena 2010 sariak. Lacteos Belate SAT enpresa sakandarrak Lacturale markarekin ekoizten duen Nafarroako Behi-esne Ekoizpen Integratuak sari hirukoitza jaso zuen, esne osoa, erdi gaingabetua eta gaingabetuarena. Lacteos Belatek bigarren urtez jarraian lortu du sari hori. Gainera, iaz baino puntuazio hobearekin. Lacteos Belateko presidenteak, Juan Manuel Garrok, eta zuzendari nagusiak, Fermin Zilbetik, jaso zituzten sariak. Zilbetik saria jaso ondoren gogoan izan zuen enpresako bazkide eta lagun zendu berria, Xebe Matxinena Iribarren. InstitutuaSaria eman duen institutua sukaldari eta somelierrez osatutako erakunde independentea da, eta jakiak sustatzen ditu. Sukaldari eta chef horiek Europako 12 elkarte garrantzitsuenetako kideak dira. Produktuen dastatzea itsumustuka egiten dute epaileek, itxura, usaia, testura, zaporea eta ahoan duen gustua kontuan hartuz. Enpresa Lacteos Belate S.A.T 2006.urte hasieran sortu zuten Nafarroako 35 abeltzainek. Tartean Egiarreta (SAT Lazkoz, Lorenzo Lazkoz), Etxeberri (SAT Etxeberri, Juanma Garro), Etxarren (SAT Kitxulabe, Patxi Irurtia) eta Lizarragabengokoak (SAT Minueta, Mikel Azpiroz) daude. Guztiek ere estatuan aitzindaria den Nafarroako Behi-esne Ekoizpen Integratua martxan jarri zuten. Haien ustiapenetako esnea merkaturatzen dute abeltzainek. Baina kalitate kontrol zorrotzak, ingurumen jasangarritasuna eta animalien ongizatea kontuan izanik eta kalitatezko produktua eskaini nahirik. Nafarroako Behi-esne Ekoizpen Integratua ezartzen urte bat eman ondoren, 2007 hasieran Lacteos Belate Igara esnea merkaturatu zuen, Nafarroako Ostalaritza Elkartearen bidez. Lacturale esnea 2008ko lastailean merkaturatu zen. Lacteos Belatek iazko eta aurtengo Bruselako sariez gain, 2008an Bartzelonako Alimentaria azokan Urteko Zaporea saria lortu zuen eta urte berean Landa eta Itsas Garapeneko eta Ingurumeneko Ministerioak emandako Alimentos de España saria ere jaso zuen.