Sakandar mihiluzeak

Guaixe 2010eko maiatzaren 31

ETBko saioaz ari gara, jakina. Bosgarren denboraldia du pantailan saioak eta kurtso honetan parte hartu duten sakandarrak hainbat izan dira. Azkena, apirila akaberan, Xabier Urizar Igoa 25 urteko etxarriarra. Ibai Ortigosa goizuetarrarekin batera parte hartu zuen saioan. Biak ere euskal filologia ikasleak dira. Mihiluzen sei saioetan aritu ziren eta bost final jokatu zituzten. Guztira 21.890 euroko saria eskuratu zuten. Mihiluze lehiaketatik Nafarroara inoiz etorri den saririk handiena da hori. Gainera, Urizar eta Ortigosa mihiluzeenen sailkapenean bosgarren dira. Baina Mihiluzeren denboraldi honetan parte hartu dute sakandar gehiagok. Saiotik jakinarazi digutenez, helduen saioan lau altsasaurrek parte hartu dute: Eider Leoz eta Haizea Ramirez de Alda lehenen saioan kalera joan ziren. Beñat Agirre eta Hasier Gonzalez, berriz, Mihiluzeko bederatzi saiotan egon ziren eta hiru final jokatu zituzten. Guztira 890 eurorekin joan ziren etxera. Haurren saioan bi bikote sakandar ikusteko aukera izan da Mihiluzen: Jon Kintana eta Maddalen Mikeo etxarriarrak eta Andrea Navarro uhartearra eta Naroa Larraza bakaikuarra.