Angel Arrieta eta Maitane Txueka txapeldunak

Guaixe 2010eko maiatzaren 31

Zapore sakandarra izan zuen I. San Cristobal-Ezkaba Trailak, Angel Arrieta Lujanbio uhartearra eta Maitane Txueka Marin arbizuarra nagusitu baitziren. Aldi berean lasterketa Nafarroako Banakako Txapelketa zenez, Arrieta eta Txueka izan ziren Nafarroako txapeldunak. 300 korrikalari baino gehiago animatu ziren Txurregi klubak antolatutako bi mendi lasterketetan parte hartzera. Gehienak herri proban aritu ziren - 17 km eta 580 metroko desnibel positiboa - , eta gainontzekoak I. San Cristobal-Ezkaba Trailean aritu ziren - 34 km eta 1.360 metroko desnibel positiboa - . Bi lasterketak toki beretik abiatzen ziren, eta El Polvorin eta buelta bat egin eta gero San Cristobalera igo behar ziren, baina jaitsieran, herri lasterketakoak helmugara zihoazen, eta Trailekoek, aldiz, Ezkaba, Berriobeiti eta beste hainbat tokitatik jarraitu behar zuten. Hasieratik Angel Arrieta uhartearra eta Ion Sola aurreratu ziren. Ion Sola izan zen herri proban gailendu zena, Miriam Gazpiorekin batera. Eta Trailean Angel Arrietak sekulako erakustaldia eman zuen (2:43:38), Fernando Monasterio bigarrenari 7 minutu pasa atera baitzizkion. Emakumezkoetan Maitane Txueka arbizuarrak ez zuen areriorik izan eta 8 minutu pasa atera zizkion Sonia Regueirori (3:43:24). Biak meritu handiz izan ziren txapeldunak eta Nafarroako txapeldunak.