Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pozik, oso pozik egonen dira Sakanako Rural Kutxa taldekoak, inork gutxi espero arren talde sakandarreko Victor de la Parte gasteiztarrak irabazi baitu 49. Nafarroako Itzulia. Bazirudien portuz jositako larunbateko etapa nagusiak erabakiko zuela itzulia, baina ez zen horrela izan, guztia erabakia zegoela zirudienean igandean sorpresa galanta gertatu baitzen. Sailkapen orokorrean hamargarrena zen Victor de la Parte eta bezperako etapa nagusian garaile izan zen Daniel Plazaren lidergoa (Sanse Spiuk) apenas arriskurik gabe zegoela pentsatzen zen. Baina igandeko azken etapa hasi eta 25. kilometroan eguneko ihesaldia sortu zen eta 13 txirrindularik aurrera jo zuten. Ihesaldi hori ez zen arriskutsua liderrarendako eta gauzak lasai zeuden tropelean. Baina Rural Kutxak ez zuen ihesaldian taldekiderik sartu eta Zuarrarrateko gainean gora De la Parte aurreratzeko sekulako lana egin zuen taldeak, Igor Romerok bereziki. Horrela, De la Partek ihes egindakoak harrapatu zituen eta sailkapen orokorrean lidergoa eskuratzeko sekulako lana egin zuen, taldetik tiratzeko lanetan ia erreleborik gabe aritu baitzen. Etapa irabazteko lehian ez zen sartu eta Walt de Winter nagusitu zen (Davo-Lotto) Javier Etxarriren aurretik. Victor de la Parte zortzigarrena izan zen, 9 segundora. Baina bere helburua lortu zuen, liderra minutu batera sartu baitzen. 48 segundoko aldea zuen Daniel Plaza liderrarekin, eta segundoak kontatzen aritu zen Gasteizkoa. "De la Parte, Nafarroako Itzuliko irabazlea" esan zuen Juan Mari Guajardo speaker altsasuarrak, Gasteizkoak hiru segundo atera baitzizkion Daniel Plazari, eta orduan hustu egin zen De la Parte. Rural Kutxak lehen aldiz lortu du Nafarroako Itzulia irabaztea, eta gainera, talde sakandarra bigarren talde onena izan zen, Lokomotiv talde errusiarraren atzetik. Oso kontentu zeuden Rural Kutxan. "Sari potoloaren bila etorri ginen eta lortu dugu" zioen Rural Kutxako zuzendari Alejandro Hernandezek. Goizean motibazio falta zutela aitortu du zuzendariak, talde indartsua izan eta emaitzak ez zirela heldu ikusita, baina Victor De la Parte etapa lehertzera atera eta batzuetan halako balentriek saria dutela nabarmendu zuen. "Berak bakarrik tiratu zuen taldean, baina hala ere tropelari aldea ateratzea lortu zuen, nahiz eta Sanse Spiukekoek atzean tiratu". Igor Merino zazpigarrena Markinan. Igandean Sabin Foruria Memoriala jokatu zen Markinan, Lehendakari Txapelketarako baliagarria. Pello Bilbao (Naturgas) bakarrik heldu zen helmugara, Ibai Salasi (Seguros Bilbao) 1:54ko aldea atereaz. Rural Kutxa talde sakandarreko Igor Merino zortzigarrena izan zen, 2:28ra.