Sakandarren maila bikaina Espainiako Zirkuitu Txapelketan

Guaixe 2010eko ekainaren 1a

Iruñeko San Juan instalazioek haurren eta gazteen mailako Espainiako Zirkuitu Txapelketak hartu zituzten asteburuan. Sakanako klubetako sei gaztetxok lortu zuten aipatu txapelketan aritzeko klasifikatzea, eta hori sari gutxi ez balitz, maila bikaina eman dute, aritu diren lasterketetan dena emanez. Ondoko federazioetako irristalariak lehiatu ziren, besteak beste: Nafarroa, Valentzia, Aragoi, Asturias, Gaztela eta Leon, Madril eta Katalunia. Esaterako, emakumeen gazteen mailan (39 parte-hartzaile), Cristina Aldeano (Altsasu) laugarrena izan zen 200 metroko erlojupekoan, eta 1.000 metroko linea proban maila ona eman zuen. Bestalde, 50 irristalari aritu ziren nesken haurren mailan, eta 500 metro sprintean, 1.500 metro linean eta 3.000 puntutan aritu ziren. Irantzu Imaz (Sutegi) hirugarrena izan zen eta brontzezko domina jaso zuen 500 metro sprintean. Saioa Baztan (Altsasu), Maialen Unanua (Aitziber) eta Mireia Rivero (Sutegi) ere poliki aritu ziren. Bukatzeko, 34 irristalari lehiatu ziren mutilen haurren mailan, eta Gaizka Ocaña (Aitziber) bosgarrena izan zen 500 metro sprintean. Asteburuan 54. San Antonio Nazioarteko ZirkuituaAsteburuan 54. San Antonio Nazioarteko Zirkuituaren txanda da. Tartean Kimuen Kopa Nazionala dago jokoan, eta kategoria horretako Sakanako irristaketa klubetako irristalariak ariko dira, Sutegikoak, Altsasukoak eta Aitziberrekoak. Larunbat arratsaldean Iruñeko Baiona etorbidean jokatuko da txapelketa, eta igande goizean Iruñeko Antoniutti pistan.