Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean, ekainaren 5ean, Euskal Jokoen VII. Xiba Topaketako Nafarroa Garaiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoko taldeen kanporaketa jokatuko da Burlatan. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatzen du Xiba, alde batetik euskal joko eta kirolak berreskuratu eta sustatzeko, eta, bestetik, herrien arteko harremanak euskal giroan sustatzeko eta euskara bulkatzeko. Bada, larunbatean Nafarroa Garaiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoko taldeen kanporaketa dago jokoan Burlatan, goizeko 11:00etatik hasita plazan. Antolatzaileek adierazi digutenez zortzi talde inguru ariko dira lehian, tartean Etxarri Aranatz eta Uharte Arakil. Iaz Etxarrik finalera heldu zen eta zazpigarrena izan zen, baina Uhartek ez zuen finalerako sailkatzea lortu. Hiruherri taldea eta Euskal Herria peñak ere arituko dira Burlatan, eta beste hainbat talderen konfirmazioa falta da. Taldeek 12 proba izango dituzte jokoan, eta onenek ekainaren bukaeran jokatuko den Euskal Herriko final handian jokatzeko txartela izango dute. Giro ederra izaten da jaialdietan. Probak jokatu eta gero herri bazkaria izango da Euskal Herria peñan, eta bazkalondoa kantuz alaituko dute kantariek. Arratsalde-gau partean Axular elkarteak bere kultur astearen barruan antolatutako kontzertu bikainez gozatzeko aukera izango da. Probak12 pertsonaz osatutako taldeak dira lehiatuko direnak, 16 urtetik goragoko 6 neska eta 6 mutilez osatutakoak, gutxienez. Leku bakoitzean 12 proba egingo dira, hiru multzotan banatuta. Lehen multzoan harri-jasotzea, ingudea, lasto altxatzea eta dantza (bi aukera: fandangoa eta arin-arina edo talde bakoitzak bere herritik ekarritako dantza berezia dantzatzea); bigarren multzoan trontza, oskolak, txingak, zaku eramatea eta toka; eta hirugarren multzoan xiba, musa eta sokatira. Taldeen arteko giroa polita izaten da. Xiba euskal jokoez informatzeko 943 693 516 telefonora deitu edo jrovira@ehik.ikastola.net posta elektronikora jo behar da.