ELAren ustez Nafarroako Gobernuaren ardura da ibarreko egoera

Guaixe 2010eko ekainaren 10a

Atzo prentsaurrekoa eman zuten Sakanako eta Nafarroako ELAko arduradun Gorka Viergek eta Mitxel Lakuntzak. Gogora ekarri zuten duela hamar urte enpresariak eskulanaz kexu zirela eta denbora tarte txikian lanpostuen galera handia egon dela. Nafarroako Gobernuak industria politikarik ez duela nabarmendu zuen Lakuntzak. "Herrialdea osotasunean hartu behar luke industria politikak, eskualdeka orekatuta. Sakanako lan postuen suntsiketa Gobernuaren ekimen faltagatik dator". Nafarroako ELAko arduradunak esandakoa datuetan oinarritu zuen: "ikerketa, garapena eta berrikuntzako (IGB) enpresa proiektuei gobernuak emandako laguntzetatik %8 besterik ez da Nafarroa ipar-mendebaldera iritsi; Sodena enpresa publikoaren bidez emandako maileguen %5a soilik jaso da Nafarroako ipar-mendebaldean; enpresak modernizatzeko gobernuak azken hamar urteetan egindako kapitalaren %0,2 besterik ez da jaso inguru honetan eta, gainera, enpresa gutxi sortu dira". ArduradunakELAko kideek Sakanako ekonomia egoeraren arduradun egin zituzten Nafarroako Gobernua, UGT eta CCOO sindikatuak, "enplegu planaren parte baitira". "Elkarrizketa sozialaren baitan Nafarroako Gobernuak 12 urtetan 1.500 milioi euro bideratu ditu enplegu planera. Inork ez du dirutza hori fiskalizatzen". Sakanara zenbat diru etorri den azaltzeko eskatu zuen ELAk. Sindikatuko arduradunen ustez, gizarte elkarrizketek eta enplegu planek bi ezaugarri dituzte: "ez dituzte benetako arazoak konpontzen (patronalaren pribilegioak, azpi-kontratazioa, behin behinekotasuna, eta abar) eta diru publikoa sindikatu eta patronalari banatu besterik ez diete egiten". Langile prestakuntza, etxebizitza, immigrazio eta lan osasun arloak botere publikoen esku egon beharko luketela azaldu zuten. ProposamenakELAko kideek Sakanarako premiazko berrindustrializazio plana eskatu zuten. Horretarako konpromiso politikoa eta planak zehaztea eskatu zuten. Sakana ingurune industrial historikoa eta potentzialitatea duen eskualdea dela gogora ekarri zuten. Ikerketa, garapena eta berrikuntza egitasmoei bultzada eman eta eskualdeko errealitateari egokitutako langileen prestakuntza bultzatzeko eskatu zuten. Horiek guztiak hilaren 18ko ordezkarien batzarrean aztertu eta ondorengo manifestazioan zabalduko dituzte.