Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateak antolatutako Kirol Astearen ekitaldi nagusia asteartean Altsasuko Iortia Kultur Gunean burututako Kirol eta Osasun Jardunaldiak izan ziren. Mankomunitatearen heburua kirolariak eta pertsona oro, ariketa fisikoa egiten dutenak bereziki, mediku azterketen eta esfortzu proben garrantziaz sentiberatzea da. Eta hain zuzen kirol osasunaren inguruan Nafarroako Gobernuak eta Bizkaiko Diputazioak zein plangintza dituzten ezagutzeko aukera eman zuten. Aipatu gaiez profesional handiak aritu ziren: Ignazio Arbeloa (Nafarroako Gobernuko Kirol Institutuko zuzendariordea), Esteban Gorostiaga (Naf. Gobernuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa), Iñaki Mugika (Bizkaiko Foru Aldundiko Kirolen zuzendari nagusia), Kepa Lizarraga (Bizkaiko Foru Aldundiko kirol-medikua) eta Javier Serra (Bizkaiko Foru Aldundiko kirol-medikua). Gainera, kirolariei esfortzu-probak egiteko Bizkaian erabiltzen den unitate mugikorra ezagutzeko aukera izan zuten jardunaldietan izen eman zuten 23 pertsonek. Osasunbidearen inplikazioa, beharrezkoaJardunaldiaren balorazio positiboa egin dute Mankomunitateko kirol teknikariek, eta hainbat ondorio atera zirela azaldu dute. "Esan dezakegu jarduera fisikoa era osasungarri batean praktikatzeko jarduera programatzen duenaren eta medikuaren artean elkarlana egon behar duela. Hau da, Osasunbidea inplikatzea beharrezkoa dela. Bai mediku errekonozimenduengatik nola hainbat ohiko gaixotasunen aurrean - diabetes, kolesterola, etab. - jarduera fisikoa "errezetatzea". Kontua da medikuak oso saturatuak daudela eta koordinazio bide bat markatzea oso zaila dela, lan taldea sortzea bezala. Hala ere, etorkizunerako erronka bezala ikusten da" adierazi dute Nerea Martinez eta Amaia Gerrikagoitia teknikariek. Bestalde, teknikariek nabarmendu dute Sakanako alkate, kirol zinegotzi eta osasun etxeetako ordezkarien hutsunea nabaritu zela. "Denak gonbidatuak zeuden, baina alkaterik eta osasun etxeetako ordezkaririk ez zen agertu. Soilik kirol zinegotziren bat egon zen. Beraz, hurrengo baterako animatu beharko ditugu" gaineratu dute. Bestalde, beste bi ikastaro antolatu dira Sakanako Kirol Astearen barruan: osteguneko oinarrizko bizi-euskarriaren ikastaroa, Sakanako ikastetxeetako irakasleendako, eta Burundako ikastetxeetako ikasleek DYAren eskutik jasotzen ari diren lehen sorospen ikastaroa.