Alpeak zain

Guaixe 2010eko ekainaren 11

Dauphiné Liberé lasterketa famatuan murgilduta daude Egoi Martinez, Gorka Verdugo eta Jorge Azanza (Euskaltel) eta Imanol Erbiti (Caisse d´Epargne) sakandarrak. Euskaltelekoak Samuel Sanchez taldeburua laguntzea dute helburu, baina Gorka Verdugo sekulako maila ematen ari da. Prologoko 6 km-ko erlojupekoan 12.a izan zen, eta astelehen eta asteartean sailkapen orokorrean bederatzigarrena zen, Alberto Condador lider zela. Baina asteazkeneko erlojupekoak aldaketak ekarri zituen, RadioShack taldeko Brajkovicek etapa irabazi eta lidergoa kendu baitzion Contadorri. Gorka Verdugo etxarriarrak etapa oso ona egin zuen - 15.a izan zen, 2:39ra, lehen euskalduna - eta lan horregatik sailkapen orokorrean bederatzigarren postuari eutsi zion. Atzotik hasita Alpeetan barna dabiltza txirrindulariak. Atzoko etapa lehen mailako Risoul gainean despeditu zen eta ziurrenik mugimendua egongo zela, baina atzoko emaitzen faltan, atzo goizean sailkapen nagusian Verdugo 9.a zen, 2:49ra; Egoi Martinez 46.a, 5:20ra; Imanol Erbiti 74.a, 6:55era; eta Jorge Azanza 81.a, 7:31ra. Gorka Verdugo lehen euskalduna da sailkapenean eta ea hurrengo eguneko etapa gogorretan, mendiz eta portuz jositakoetan, nola moldatzen den. Larunbateko etapa, esaterako, mitikoa izango da, Alpe D´Huez ezagunean despedituko baita. Proba igandean despedituko da Sailanchesen. Contador da faborito nagusienetakoa, baina Pintokoak argi utzi du Dauphiné irabaztea ez dela bere lehentasuna, Tourra behar bezala prestatzea baizik. Ikusi behar.