Klinikako kontzertua zabaltzeko eskaera urgentea

Guaixe 2010eko ekainaren 10a

Asteartea Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordean izan ziren Sakanako alkateen ordezkaritza (Txiki Iriarte eta Unai Hualde) eta Josefina Arregi klinikako langileen hiru ordezkari. NaBaik eskatu zuen haien agerraldia, Altsasuko klinikaren egoeraren berri eman zezaten. Unai Hualde Altsasuko alkateak ibarreko bere kideen izenean azaldu zuen sakandarren artean klinikaren etorkizunagatik kezka dagoela, "duen egoera ekonomiko delikatuagatik". "Sakanako gizartea da Josefina Arregiren eta haren profesionalen ibilbidea eta lana baloratzen duena. Sakanako gizartea bera da erne dagoena, osasun zentro espezializatu bakarrak bizi duen arriskuaren aurrean". Alkateen ordezkariek klinikako 21 ohe kontzertatzeko eta bideragarritasun plana egiteko eskatu zuen berriro ere. "Udalek eskatzen duguna ez du betetzen baina horrek egoera hobetzen du. Izan ere, Josefina Arregi zentroa SOS egoeran dago eta etorkizuna zalantzazkoa da". Osasun Departamentuari konpromiso garbi bat hartzeko eskatu zion Hualdek. ArrazoiakLangileen ordezkarien izenean Raquel Ausinek eskaera berberak egin zituen, baina horretarako argudioak eman zituen. Ausinek azaldu zuenez, 21 oheak kontzertatzea beharrezkoa da, "kontzertatuta dauden ohean %100ean beteta daudelako eta itxaron zerrenda dagoelako (ilbeltzean 19, otsailean 20, martxoan 21 eta apirilean 17). Perfil kliniko bera izanda, Osasunbideak bideratzen dituen gaixoek ez dute ordaindu beharrik eta gainerakoek bai". Gogoratu zuen gainerako oheak ez daudela beste erakundeekin kontzertatuta. Ausinek gogora ekarri zuen Josefina Arregi zentroak 15 urteko esperientzia duela eta klinika "egokia eta prestatua" dela. Psikogeriatrian zentro aitzindari eta erreferentziazkoa dela azpimarratzearekin batera, "klinikak egonkortasuna behar" duela nabarmendu zuen langileen ordezkariak. Ausinek aldarrikatu zuen kontzertu berriak klinikaren egungo egoera eta Nafarroako populazio psikogeriatrikoaren beharrak jaso beharko lituzkeela. ErreakzioakOsasun batzordean zegoen UPNko ordezkariak esan zuen Sakanan klinika desagertzeko dagoen beldurra departamentuari jakinaraziko ziola. Alderdi sozialistak, bestalde, zentroan eskainitako asistentziaren kalitatea azpimarratzearekin batera, hitzarmena zabaltzea eta bideragarritasun plana egitea eskatu zuen. Ezker Batuak azaldu zuen borondate politikoa egonez gero gaia abenduaz geroztik konpondua egonen zegoela. Koalizioak nabarmendu zuen ardura departamentuarena dela, eta ez udalena. Osasun KontseiluaAstelehenean Burunda mendebaldeko osasun kontseilua bildu zen eta Maria Kutz kontseilariari gutuna bidaltzea erabaki zen. Idatzian Osasun Kontseiluak klinikako 21 oheak hitzartzeko eskatu dio kontseilariari.