Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bere eguna ospatuko du bihar Mallabian. Ein eingou leloarekin izanen du ospakizunak eta mankomunitatea sortu zela 19 urte ospatuko dute. Orduan bezala, orain ere aipatu mankomunitatearen helburua da udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua euskaraz izan dadin bideak urratzea. Gaur egun UEMAko kide Hego Euskal Herriko 61 herri dira. Haietatik hiru sakandarrak dira: Arbizu, Etxarri Aranatz eta Urdiain. Mankomunitatean sartzeko baldintzak betetzen dituzten udalei sartzeko gonbitea eginen diete igandean. Horrekin batera, euskaraz bizitzeko araudia ere eskatuko dute. UEMA Eguneko ospakizunak bihar eguerditik aurrera abiatuko dira. Ezker AbertzaleakAstelehenean Nafarroako hainbat hautetsik agerraldia egin zuten, haien artean Gorka Iriarte arbizuarrak. "Ditugun espazio eta tresnetatik euskararen aldeko konpromisoak hartzea" eskatu zuten. UEMAren papera aldarrikatzearekin batera, dei egin zieten udalei eta EAJ-PNVri, EAri, Aralarri eta NaBairi kudeatzen dituzten eta parte hartzen duten udal eta erakundeetan euskararen aldeko konpromisoak haiekin batera hartzera. Bestalde ezker abertzaleko hautetsiek hainbat egoerarekin kezka azaldu zuten. Haien artean, aipatu zuten Sakanako Mankomunitatea eta NaBaik kudeatutako udalak Bai Euskarari dinamikatik ateratzea eta Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan egondako "atzeratzea". UEMA lan tresna gisa ikusten zutela ziurtatu zuten ezker abertzaleko kideek; horregatik kezka azaldu zuten Urdiainek UEMArako euro bateko aurrekontua izateagatik.