Dantzariak festa iragarle

Guaixe 2010eko ekainaren 11

Altsasu eta Etxarri Aranazko dantzari txikiak kurtso amaierako giroan murgilduta daude. Ikasturtea amaitzeko, bederatzi hilabetetan landutako dantzak kalera aterako dituzte. Joan zen ostiralean, dantzaldia eskaini zuten Altsasuko plazan. Gaur, berriz, Etxarri Aranatzek hartuko du txanda. Erromeria astearen bezperan, herritarrak festa giroan murgiltzeko modu ederra izanen da. Etorkizuna Dantza Eskolak bi talde ditu, bat Altsasun eta bestea Etxarri Aranatzen. Hurrenez hurren, 5-14 urteko hogeita sei eta hamabi dantzari daude taldeetan. Ikasturtean zehar landutakoaren erakustaldia emanen dute gaur arratsaldean.