Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Futbolak zale ugari dituela ez da kontu berria. Haur asko txiki txikitatik hasten dira futbolera jolasten, eta modu oso berezian bizi dute futbola, pasio handiarekin. Horren jakitun, urtero moduan Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak futbol campusa antolatu du udarako. Aurten ere Lakuntzako Zelai Berri belarrezko futbol zelaian eta alboan dauden Lakuntzako igerilekuetan gauzatuko da futbol campusa, uztailaren 5etik 17ra, bi txandatan. Horretarako Lakuntzako Udalaren, Lagun Artea futbol taldearen eta Nafarroako Kirol Institutuaren laguntza izan du Mankomunitateak. Futbol campusaren helburua gaztetxoak futbolean murgiltzea da. Monitoreei esker, futbolaren inguruko teoria eta praktika uztartuko dituzte ia alfronbra berde bat dirudien Zelai Berri futbol zelaian, kategoria bakoitzean dagozkion gaiak aztertuz. Landuko duten metodologia, batez ere, jolasen bidezkoa izanen da. Gainera, saioaren bukaeran futbol zelaiaren alboan dauden Lakuntzako igerilekuetan freskatzeko aukera izango dute gaztetxo guztiek. Udarako plan bikaina, beraz. Futbol campusa bi txandatan emango da. Lehenengo txanda uztailaren 5etik 10era bitartekoa izango da, eta bertan 1998., 1999. eta 2000. urteetan jaiotakoak arituko dira. Bigarren txanda uztailaren 12tik 17ra artekoa da, eta bertan 1997, 1996 eta 1995 urteetan jaiotako gaztetxoak ariko dira. 1993. eta 1994. urteetan jaiotakoekin zerrenda berezi bat osatuko da, toki librerik badago eurek parte har dezaten. Izan ere, txanda bakoitzean gehienez ere 30 parte-hartzaile onartuko dira. Bestalde, antolakuntzatik nabarmendu nahi izan dute debekatuta dagoela aluminiozko botak edo zapatak erabiltzea. Izena ematea ekainaren 30era arteGaztetxoak goizeko 10:00etatik 13:00etara ariko dira futbolean murgiltzen, eta bukaeran igerilekuetan bainatzeko aukera izango dute. Izena emateko epea zabalik dago Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan, 948 464 866 telefonora hots eginez, kirolak@sakana-mank.com posta elektronikoaren bidez edo www.sakana-mank.com web gunearen bidez, ekainaren 30era arte. Partaide bakoitzak 25,9 euro ordaindu beharko ditu, Euskadiko Kutxako 3035 011693 116.0.00332.8 kontu zenbakian. Ikastarora joateko bidaia partaide bakoitzak antolatuko du.