Urari jarraituz ingurumenarekiko sentsibilizazioa lantzen

Guaixe 2010eko ekainaren 17a

Aralarko Mikel Donea institutuan hirugarren ikasturtez uraren inguruko sentsibilizazio programa aurrera eraman dute. Egitasmoaren helburua da ingurumenarekiko sentsibilizazioa lantzea ikasleen artean. Horretarako ura eta energia aurreztea, ibaiak hobetzea edota hondakinen kopurua txikitzea eta birziklatzea sustatu dituzte. Ia ikasle guztiek eta hainbat departamentuk parte hartzen dute ekimenean. Eukene Durana irakasleak azaldu digunez, ikastetxe inguruko ibai eta erreken uraren kalitatearen neurketarekin eta garbiketa mailarekin hasi ziren. Ondorioa da ur korronteak herritik zenbat eta gertuago egon orduan eta okerrago daudela, bereziki Altzania. Baina guztia ez da kanpo ikerketara mugatu. Ikastetxea bera ere esperientziaren zati izan da. Duranak azaldu digunez bigarren ikasturtean hondakinen gaia lantzen hasi ziren. Ikasleek haiek bildu, pisatu, aztertu eta ondoren proposamenak egin zituzten. Institutuaren garbiketa mailan ere nolabaiteko eragina izan du ekimenak. Horien artean dago birziklatzea erraztuko duten paperontziak jartzea ikastetxean. Herrietako zaborrontzien berri ere jaso zuten. Duranak azaldu digunez bildutako informazioa Sakanako Mankomunitateari pasako diote, hark udalei emateko. Uraren kontura institutuko txorroten ur kontsumoa aztertu dute eta ikasturte honetan txorrotak aldatu dira. Neurketekin jarraitu dute, zuzendaritzara pasatu eta egoera hobetzeko asmoz. Emaitzak ikusten hasi dira ikasleak. Baina horri aurten energiaren gaia gehitu zaio, hura aurrezteko beharra zabalduz. Horretarako bizikletaren erabileraren sustapena egin dute maiatzean. Guztia Nafarroako Uraren Gazte Foroaren baitan kokatzen da. Hilaren lauan foroaren baitan dauden herrialdeko ikastetxeak Iruñean bildu ziren eta ikasturtean barna aurrera eramandako esperientziak azaldu zituzten. Bukatzeko Arga ubeldean baltsan ibiltzeko aukera izan zuten.  ErakusketaAralarko Mikel Donea institutuko ikasleek azken hiru ikasturteetan egindako lanaren emaitza ikusgai dago Altsasuko Iortia kultur gunean. Hilaren 28ra arte, arratsaldeko ordutegian. Ikasleek institutu inguruko ibai eta erreketan hartutako uraren laginek emandako emaitzak, ikastetxeko ur txorroten kontsumoa, energia berriztagarriekin dabiltzan ibilgailuak edota birziklatutako materialekin egindako aparailuak daude ikusgai. Guztia hainbat informazio panelekin batera.