ELAk ibarrean bizi eta lan egiteko eskubidea aldarrikatuko du

Guaixe 2010eko ekainaren 18a

ELA sindikatuak gaur goizean ibarreko eta Nafarroako ordezkariak bilduko ditu Altsasun, 10:00etatik aurrera. Sakanan bizi eta lan  egiteko eskubidea aldarrikatzearekin batera, bilerak ibarraren egoeraren inguruan hausnartzeko balioko du. Hura despeditu eta gero, 12:00etan, Iortia kultur gunetik Gure eskubidea delako, Sakanan bizi eta lan leloa duen manifestazioa abiatuko da. Manifestazioaren berri ematerakoan ELAko ibarreko arduradun Gorka Viergek esan zuenez, "Sakanako egoera nahiko zalantzazkoa da. Azkenaldian lanpostuen galera handia izan da eta horrek bizi dugun defentsa falta erakusten du". Viergek gogora ekarri zuen ibarreko langabezia bi urtetan 519tik 1251ra pasa dela. Hainbat enpresek ere itxi egin zutela gogoratu du Viergek, langileak pairatu dutela. Bestalde, Viergek nabarmendu du emakumeei lan gehien eskaintzen zieten enpresak direla itxi dutenetako batzuk (Recindsa, Isphording, GN edota Gamesa).  Viergek gobernuaren pasibotasuna salatzearekin batera, premiazko berrindustrializazio plana eskatu du. Kontseilariaren erantzunaELAk aurreko astean Nafarroako Gobernuari pasibotasuna leporatu zion. Horri erantzunez Jose Maria Roig kontseilariak adierazi zuen ELA ibarreko sindikatu nagusia izanik "Sakanako lan eta enpresa garapenean proportzionalki ardura nabarmena du" eta Urdiain-Altsasu industrialdearen eta gobernuak egin dituen beste jarduera batzuen alde publikoki ez agertzea leporatu zion.