Kresala

Guaixe 2010ko eka. 18a, 00:00

Uda hurbiltzearekin batera hondartza, gure kostaldeko herriak eta itsaso usaina ere gertu ditugun honetan obra klasiko bat gomendatu nahi dizuet: "Kresala", Txomin Agirre abadeak 1906n idatziriko ohiturazko nobela. Aurkezten dizuedan Elkarren argitalpen hau Jon Arretxek euskara batura egokitu zuen 1995ean ulergarriagoa izan zedin garaiko bizkaiera arrotz egiten zaion irakurlearendako. Hala ere, euskalkiaren aberastasuna gorde nahi izan du testuan agertzen diren lokalismoen hiztegia eskainiz. "Mailasto" da, adibidez,  horietako lokalismo bat, gurean ere ezagun dugun hitza: "hitz tarte horietara botatzen ditu itsasoak ...egur, mailasto..."Oso ondo ezagutzen zuen Txomin Agirrek arrantzaleen bizimodu eta giroa eta euskal literaturan lehendabizikotariko eleberria izan den honetan horixe nahi izan zuen: "Kresala zuek (itsasgizonak) jasotzeko, zuek ezagutuagoak, errukituagoak eta maitatuagoak izan zaitezten sortutako liburutxoa da ".Istorioa XX. mende hasierako Arranondon (Ondarroan) girotua da, nahasiriko amodiozko trama baten aitzakian idazleak garaiko ohiturak primeran deskribatzen dizkigularik: "elizkizuna amaitu ondorean...toki guztietan ohi duten legez, emakumeak buruko oihalak jantzita..."                                              

Arranondon bezala, Urdiainen ere.   

Eskuinetik hasita bigarrena Maria Agirre Albiztur, gure amona zena.Eta horixe du interesgarri nobela honek gaur egun ere gustura irakurtzeko euskara aberatsez gozatzen den bitartean.  Hiru ardatz ditu obra honek: abertzaletasuna, euskaltzaletasuna eta, Txomin Agirre abadea izanik, kristautasuna. Hiru ardatz horiek  pertsonaiek garatuko dituzte: Anjel-Antoni-Mañasi-Jose Antonio, amodio nahasiaren protagonistak; Kitoris arrantzaleak  tonu dramatikoa erantsiko dio istorioari; Tramana eta Brix, arrain saltzaileek herri hizkera biziaz umorea gehituko diote; indianoa, oihal-saltzailea, lantegiko nagusia, armaduna eta ontzi-agintaria dira herriko erdaldunak, "belar txarrak " ;  Arranondoko jende xumea, itsasgizonak...garaiko euskal jendearengandik hurbil zeuden pertsonaiak.Horrelakoxea duzue, bada, 1906ko Arranondo-Ondarroako ohiturazko kronika atsegina, herri arrantzalearen gorabeherak bizkaiera landuaz kontatuak.