Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean ELAk bere delegatuak bildu zituen Iortia kultur gunean. Sakanako egoera aztertu eta gero, lan erreformari buruzko hausnarketa egin zuten. Hari erantzuteko hilaren 29an deitutako grebari buruz ere aritu ziren ELAko kideak. Hura despeditu eta gero 400 pertsona inguruk manifestazioa egin zuten Altsasun. Sakana enpleguaren alde, 29an greba orokorra leloa zuen manifestazioak. Haren bukaeran Gorka Viergek ibarreko ELAko arduradunak ziurtatu zuen Nafarroako Gobernuak praktikoki ez dela Sakanagatik apenas mugitzen. Ibarrean bizi dugun egoeraren arduradun egin zuen gobernua. Viergek galdetu zuen gobernuaren ideia sozio-politikoekin bat ez egiteagatik Sakanak diskriminazio handia pairatzen ari ote den. Viergek nabarmendu zuen Sakana industria basamortua bihurtzen ari zela, baina lanpostuen defentsan aritzera dei egin zuen. "Antolakuntza gaitasuna eta presioa izanen dira bitartekoak eskainiko dizkigutenak guk eta hurrengo belaunaldiek duin bizi eta ez emigratzeko. Sakanan lan eta bizi nahi dugu". Roig kontseilariari zuzenduta eskatu zion "emakumeen enplegua kontuan izanen duen berrindustrializazio plan zehatz bat martxan jartzeko". Enplegua berreskuratzeko "neurri zehatz eta premiazkoak eskatu zizkioten". 29ko grebaMitxel Lakuntzak Nafarroako ELAko arduradunak esan zuenez "lan baldintza guztien kontrako erabateko erasoa" zela lan erreforma. Lakuntzak batez ere bi puntu kritikatu zituzten. Alde batetik, kaleratzearekin zerikusia duena. Azaldu zuenez, "gaur egun kaleratzea 45 egun eta 42 hilabeteko kalte-ordaina ematen da. 33 eguneko kalte-ordaina dagoen bat aurreikusten da. Baina orain arriskua dago hori 20 egun eta 12 hilabeteko kalte-ordaina bihurtzea, enpresak egoera okerra justifikatzen badu. Langile finkoa behin behinekoaren pare gelditzen da". Erreformak kaltetuko dituenak "ustez blindatuta zeuden langileak" zirela esan zuen Lakuntzak. Eta, bestetik, erreforma lan hitzarmenaren kontra ere jotzen zuela ere aipatu zuen ELAko arduradunak. "Enpresariak, okertze txikienaren aurrean, erabaki dezake lan hitzarmenean adostutako soldatak ez ordaintzea". Lakuntzak ere nabarmendu zuen enpresen barne erregimena ere malgutuko dela: "ordutegiak, oporrak... guztia araurik gabe utzi da enpresariak nahi duena egin dezan".