Nafarroako jubilatuen elkarteak bere burua aurkeztuko du

Guaixe 2010eko ekainaren 22a

Sasoia, Nafarroako jubilatuen elkarteak gaurko batzar irekia deitu du Etxarri Aranatzen eta, horregatik, ibarreko jubilatu guztiak batzarrean parte hartzera deitu ditu. Pentsioen izoztea, osasun zein zerbitzu sozialen murrizketa eta gastu sozialen beherakada bezalako gaien inguruan iritziak trukatzeko aukera izatea nahi du Sasoia elkarteak. Horiek aztertzeko lehenengo eta behin egoerari buruzko azterketa eginen da. Iritzi trukearen ondoren, egoki ikusten bada erabakiak hartuko dituzte bildutako jubilatuek. Sasoia, Nafarroako jubilatuen elkartea kexu azaldu da banku eta finantza-guneen deskalabrua eman denean gobernuek diru publikoz zulotik atera dituztelako. "Krisi hau ez dugu sortu, baina ordaintzerakoan gu lehenbizikoak: BEZaren bidez prezioak garestitu; gure pentsioaren izozketa; gastu sozialen murrizketa; botiken truke zerbait ordaintzearen arriskua; mendekotasunerako gastuen diru-murrizketa eta abar".Horiek beharrean beste neurri "justuagoak" proposatu dituzte: erret etxeko gastuak ezabatu, banku eta finantza enpresei etekinen araberako zergak jartzea, zerga iruzurrarekin bukatzea, ondasun handien jabeei zergak jartzea eta beste.