Zago eta Amilibiaren dobletea

Guaixe 2010eko ekainaren 22a

Lasterketa Bertikalen Euskadiko Kopako bigarren proba baliagarria larunbatean jokatu zen Abaltzisketan, Txindoki Bertikala proba, hain zuzen. 184 korrikalari animatu ziren 3,88 km eta 931 metroko desnibel positiboa zituen proba osatzera. Proba hauek laburrak dira baina oso gogorrak, mendiaren oinaren eta tontorraren arteko ibilbide zuzenena bilatzen baita. Korrikalariak banaka ateratzen dira eta euren lana kronometratu egiten dute. Gainontzeko korrikalarien denboraren erreferentziarik ez dutenez, erlojuaren kontra eta euren buruaren kontra egin behar dute lana korrikalariek. Txindokiko Bertikala lehen aldiz antolatu zen, eta arrakastatsua izan zen. Atzera ere Didier Zagok proba hauetan espezialista hutsa dela erakutsi zuen, lehena izan baitzen (34:33), Walter Becerrari ia 2 minutu atera eta gero. Sakandarrek lan txukuna egin zuten, eta Angel Arrieta izan zen euren artean lehena, bederatzigarrena heldu eta gero (39:24). Bere anaia Jon hamaikagarrena izan zen (39:36), lesioa gainditu ondoren probetara itzultzen zen lehen lasterketan bikain arituta. Emakumezkoetan Nerea Amilibia nagusitu zen (42:37). Bi proba geratzen dira Lasterketa Bertikalen Euskadiko Kopa erabakitzeko: uztailaren 4an Azpeitian jokatuko den II. Zuzenien proba, Izarraitz igoko dutena, eta irailaren 20an jokatuko den II. Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala.Sakandarrak Txindoki Bertikalean 1.Didier Zago: 34:33 9.Angel Arrieta (Aralar Mendi): 39:24 11.Jon Arrieta (Aralar Mendi): 39:36 29.Jose Luis Beraza (Aralar Mendi): 41:14 42.Fermin Gabirondo (Dantzaleku Sakana): 43:01 90.Patxi Albeniz (Aralar Mendi): 46:59 101.Jose Antonio Salgado (Dantzaleku Sakana): 48:44 122.Fernando Ariztegi (Larrañeta): 52:53Unzurrunzaga eta Txueka ongi OrozkonIa 200 korrikalari aritu ziren lehian, igandean, Orozko Harana V. Mendi Lasterketan. 24 km-ko lasterketa zen, 3.034 metroko desnibel pilatua zuena. Irabazleak bezperan Txindoki Bertikala proban gailendu zirenak izan ziren: Didier Zago eta Nerea Amilibia. Zago bakarrik iritsi zen helmugara (1:54:22), eta Josu Bengoetxeari minutu bat eta 32 segundo atera zion. Ander Unzurrunzaga etxarriarra 11.a sartu zen helmugan (2:02:30), eta probako bigarren beteranoa izan zen; David Oroz urdiaindarra 145.a sartu zen (2:54:59). Emakumezkoetan Nerea Amilibia izan zen lehena (2:20:40) eta Maitane Txueka arbizuarra hirugarrena (2:36:51), 100. postuan.