Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak Xiba euskal joko eta jolasen topaketen VII. edizioa antolatu du aurten, alde batetik euskal joko eta kirolak berreskuratu, gaurkotu eta sustatzeko, eta, bestetik, herrien arteko harremanak euskal giroan sustatzeko eta euskara bultzatzeko. Finean, garai bateko herrien arteko jokoak berriz plazaratu nahi dituzte.Orain arte herrialde bakoitzeko jaialdiak jokatu dira. Nafarroakoa Burlatan jokatu zen ekainaren 5ean. Sakanako bi talde aritzekoak ziren: Uharte Arakil-Irañeta eta Etxarri Aranatz, baina azkenean soilik Uharte Arakil-Irañeta aritu zen, Etxarrikoek jokalari falta zutela eta ezin izan zutelako egon. Nafarroako kanporaketan 146 puntura berdindu zuten Uharte Arakil-Irañetak eta Hiru Herrik, eta hortaz Arbizuko final handian aritzeko sailkatu ziren. 10 talderen arteko lehiaBaina jakina da San Juanak Arbizun ospatzeaz gain, Uharte Arakilen ere ospatzen direla. Horregatik, Uharte Arakil-Irañeta ezingo da Arbizuko final handian aritu. Haien lekua betetzeko asmoz Etxarri Aranatz ariko da. Hain zuzen ere, ondoko taldeak izango dira Xibako jaialdi handian neurtuko direnak: Nafarroa Garaia (Etxarri Aranatz eta Hiru Herri), Gipuzkoa (Idiazabal, Asteasu eta Zizurkil), Bizkaia (Mungia, Etxemaritxu eta Areatza) eta Araba (Mezkia eta Aiaratarrak). Lapurdiko Angelu parte hartzekoa zen, baina, azken uneko arazoak tarteko, ez dira Arbizun egongo. 12 pertsonaz osatutako taldeak dira lehiatuko direnak, 16 urtetik goragoko 6 neska eta 6 mutilez osatutakoak, gutxienez. Lau multzotan banatuta dauden 13 lan egin beharko dituzte. Taldeen arteko giroa polita izaten da, lehia sanoa baita, festazalea, eta gainera Arbizuko festak direla baliatuz behin txapelketa jokatuta parrandarako aukera aparta izango dute parte-hartzaileek. Egin beharreko 13 lanakLehen multzoan: harria jasotzea, ingudea, lastoa altxatzea eta musa. Bigarren multzoan: trontza, koxkolak, txingak eta zakua eramatea. Hirugarren multzoa: aras lama (Guinea Berriko jolasa), xiba, dantza eta egur meta. Laugarren multzoa: soka tira.