Maiatzeko espedienteek 129 langileri eragin zieten

Guaixe 2010eko ekainaren 21a

Sakanako hiru enpresek aurkeztu zuten Enplegu Erregulazio Espedientea (EEE) maiatzean. Hala jakinarazi digu Nafarroako UGT-ko Ikerketa Kabineteak. Maiatzean ibarrean enpresek aurkeztu dituzten EEEk kontratuak aldi baterako eteteko izan ziren. Haietako bi akordioarekin baimendu dira, bestea akordiorik gabe. Aurkeztutako hiru espedienteek 173 langileko plantilatik 129rengan izan du eragina. Tartean da Altsasuko Arfe enpresarena, 121 langilerekin. UGTk emandako datuen arabera, urteko lehen bost hilabeteetan kontratuak aldi baterako eteteko zortzi espediente jarri dira indarrean eta 324 langileri eragin diete. Kontratuak hausteko espedienteak, berriz, hiru izan ziren, eta 87 langileri eragin diete. Sektoreei dagokienez, maiatza akabera bitartean onartu diren espedienteetako zazpi metalgintzakoak dira, bina kimikakoa eta garraio arloetakoak eta azkena eraikuntza eta garraio arlokoa. Herriei dagokienez, aurreneko bost hilabeteetan aurkeztutako espedienteetatik zortzi Altsasun egin dira, bi Olatzagutian eta bana Uharte Arakilen eta Lakuntzan.