Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateak duela urte bat erabaki zuen bere estatutuen aldaketa puntuala egitea eta kudeatu ditzakeen zerbitzuen artean Gizarte Zerbitzuena ere egon litekeela. Toki Administrazioko Departamentuak adostasun txostena eman zuen eta ondoren Sakanako udal guztiek aldaketa berretsi dute. Estatutuen aldaketa jendaurrean egon den aldian alegaziorik ez da izan, eta aldaketa onartu egin da. EgitekoakSakanako Mankomunitateko estatutuen 5. artikuluan, beraz, bederatzigarren puntu bat gehitu du, gizarte gaiei dagokiena. Mankomunitateak gizarte zerbitzuak eskaintzerakoan hainbat asmo ditu. Batetik, gizarte zerbitzuen arloko eskubide, betebehar eta baliabideei buruzko informazioa, aholkua eta orientazioa ematea pertsona, familia eta gizarte taldeei. Bestetik, sortzen diren arazo edo gatazkak konpontzen parte hartzea, bere eginkizunaren eta eskumenen barrenean badaude. Horrekin batera, orientatzea eta, behar den kasuan, espezialistengana igortzea. Aldi berean, gainerako mailetako gizarte eta osasun zerbitzu publikoekin lan egitea litzateke mankomunitatearen zerbitzuaren egitekoa. Gainera, Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizateko Departamentuak eman beharreko laguntzen tramitazioa baloratu eta haren berri ematea eta, jarraipena egin beharko luke. Hori gutxi balitz, gizartean zer behar eta baliabide dauden atzeman eta haien erabilera ahalik eta onena koordinatu beharko luke. Beste egiteko bat litzateke elkarteak sustatzea, herritarren elkartasuna eta bizikidetza bultzatuz. Horri lotuta, gizarte boluntarioak sustatzea eta, azkenik, hirugarren adinekoak artatzea, etxe, klub eta zahar-etxeko laguntzaren bitartez.Aurrera begiraSakanako Mankomunitatearen erabaki horren ondoren, asmoa gauzatzeko, lehenengo eta behin Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak bildu eta batzeko erabakia hartu beharko lukete. Hiruak ados baleude Sakanako Mankomunitateak hartuko luke ardura. Prozesu horren alde daude ibarreko hainbat hautetsi eta bateratzeko asmoarekin hainbat bilera egin dira. Gaur egun Sakanako Mankomunitatea Irurtzun aldeko Mankomunitateko kide batzuek erabakia noiz hartuko zain dago. Izan ere, Irurtzungoak ibarreko hainbat herriez gain, Larraun, Imotz eta beste herri batzuk biltzen ditu. Migel Angel Zubiriak azaldu digunez "haiek erabakitzeko eskubidea galtzeko beldur dira". Zubiriak azaldu digunez, "hori ekiditeko, bateratzea emanen balitz erabakitzeko ahalmena lukeen batzorde bat sortuko litzateke, hala batzarretik pasatzea tramite soila izanen litzateke".