Amesgaiztoak uxatzen

Guaixe 2010eko ekainaren 24a

Aspaldi hasi zen amesgaiztoa. 2003ko otsailaren 20an, Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi zuten egunean hasi zen guztia. Ia zazpi urte geroago, 2010eko apirilaren 12an, Auzitegi Nazionalak terrorismo deliturik izan ez zela erabaki zuen eta auzipetuak absolbitu zituen. Tartean, ez du etenik izan amesgaiztoak. Amesgaizto horren zati erabakigarria izan da Egunkaria Auzia. Pello Urzelaik bertan inplikatutako lagunen lekukotasunak jaso ditu Amesgaiztoa. Egunkaria auziko epaiketaren kronika liburuan. Asteartean aurkeztu zuten liburua, alboan Juan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Xabier Oleaga eta Martxelo Otamendi auzipetuak zituela. Txema Auzmendik ez zuen aurkezpenera joateko modurik izan. Epaiketa Epaiketako sei saioak bertatik bertara jarraitu zituen Pello Urzelaik. Eta argi ikusi zuen: "kontatua izatea merezi zuen historia zegoen, ez bakarrik auzipetuek zer bizipen izan zituzten kontatzeko, baizik eta Egunkariaren itxiera gogoratzeko, bizi izandako torturak, testimonioak eta sortu zen elkartasuna jasotzeko" adierazi zuen. Epaiketak horretaz guztiak aritzeko aukera ematen zuen. Sentimenduak papereraEgunkaria Auziko auzipetuak eta abokatuak, horiek dira Pello Urzelairen liburuko protagonistak. Arbizun bizi den kazetariak "batez ere auziperatuengatik" egin du liburua. "Merezi dute bizi izandakoaren lekukotasuna idatzita gelditzea. Sentitu dutena, sufritu dutena, borrokatu dutena" adierazi zuen. Bestalde, epaiketan defentsa lanetan aritu ziren abokatuendako omenaldi txiki bat ere bada. Urzelairen hitzetan Egunkaria Auziak agerian utzi ditu "Espainiako sistema judizial eta polizialaren gehiegikeriak". Horretan erabakigarriak izan dira abokatuak. Epaiketa egunakEpaiketako sei egunak jasotzen ditu liburuak, egunez egun antolatuta. Auzitegiko grabaketei esker, esandako guztia ikusteko eta entzuteko aukera izan du. "Horrek liburuari zehaztasun garantia ematen dio" adierazi zuen Pellok. Guztia txukun-txukun jaso dute liburuan.Pello Urzelairen kronikak epaiketaren alderdi ezberdinak jasotzen ditu: epai gelan gertatutakoa, komunikabideetan jasotakoa eta Auzitegiko korridoreetako pasadizoak eta protagonisten bizipenak; "historia eta intrahistoria", horrela deitu ditu kazetari bizkaitarrak.Auzi ekonomikoaAmesgaiztoa ez da erabat amaitu, auzi ekonomikoaren epaiketa bidean baitago. Auzitegi Nazionalaren erabakiz, auzia Gipuzkoako Auzitegian erabakiko da. Hala ere, Pello Urzelai amesten jarraitzeko beharra azaldu zuen, "amets egiten badugu beteko dugu ametsa" adierazi zuen.Pello UrzelaiSortzez bizkaitarra da, baina Arbizun bizi da. Ibilbide luzeko kazetaria da. Euskaldun Egunkarian aritu zen sortu zenetik itxi zutenera arte. Egun, Berria egunkariko Politika saileko erredaktore burua da. Aurretik, Hemen astekarian lan egin du eta Argia-ko kolaboratzailea izan da. Amesgaiztoa. Egunkaria auziko epaiketaren kronikaEgilea: Pello Urzelai Agirre, Berria egunkariko Politika sailaren arduraduna.Orrialde kopurua: 146.Salneurria: 12 euro. Berria egunkariko harpidedunendako 6 euro.Nola eskuratu: Eskaera egin www.berria.info orrian, 943 30 43 45 telefonoan edo harpidetza@berria.info helbidean.