Bihar Iruñean proiektu "irrazionalak" gelditzeko eskatuko dute

Guaixe 2010eko ekainaren 25a

Nafarroako hainbat eskualdetan tokian tokiko egitasmoei aurre egiteko hainbat talde eta erakunde daude lanean. Esaterako, Urdiain-Altsasu industrialdearen egitasmoa gelditzeko eskatzen duen batzarra edo Olatzagutiako porlandegia errauskailu bihurtzearen kontra dagoen Sakana Bizirik plataforma. Guztiak batu eta haien eskualdea gaindituz manifestazioa deitu dute, Nafarroa bizirik nahi dugu lelopean. Haien ustez "Nafarroa azken hamarkadetan ezagututako ingurugiroaren eta jendartearen aurkako erasorik larrienak jasaten ari baita". Biharko manifestazioko deitzaileen ustez, "herritarren argudio ekologiko eta sozialen arrazionaltasunaren aurrean, kapitala eta bere zerbitzura dagoen jauntxokeriaren logika nagusitzen da". Nafarroan barnako kasu guztietan "gidoi bera errepikatzen" dela nabarmendu dute: "erakunde desberdinen babesarekin herri hauetan proiektu irrazionalak inposatzen dira". Manifestazioaren deitzaileek salatu dutenez, "etekinen logikak hartzen du garrantzia soilik, kasu askotan "garapena" eta "modernitatea" bezalako hitz ponposoekin mozorrotuta". Ingurumenaren kontrako erasotzat jo dituzte garatu nahi diren egitasmoak eta krisi ekonomikoak ekarritako ondorioak ere nabarmendu dituzte. Nafarroan garatu nahi diren egitasmoak "gelditzea eta herritarren iritzia errespetatzea" eskatu dute. BatuTokian tokitik herrialde mailan aldarrikapena egitera pasa dira erakundeak, haien iritziz "eraso hauen azpian izendatzaile komun bikoitza dagoelako". Haietako bat litzateke: "eskubide sozial, herritar eta ekologikoak garapen etengabean oinarritzen den gizarte eta botere ekonomikoekiko menderatuta egotea". Bestea, berriz, "gehiegikeria hauei guztiei erakunde desberdinek ematen dieten babesa". Horregatik, "Nafarroaren defentsan, ezarri diguten jendarte eredu antisozial, eta ekologia eta demokraziaren aurkakoari aurre egiteko deia" egin dute. Antolatzaileak: Arga Bizirik, Larra-Belagua Elkartea, Goi-tentsioko linearen kontrako plataforma, Amaiurko herria, Aroztegia eta gero zer?, AHT Gelditu elkarlana, Sakana Bizirik, Itoizko urtegiak kaltetutako auzokideen asanblada, Urdiaingo makroproiekturaren aurkako batzarra, Aldude mendia koordinakundea, Leia, Erriberako zentral gehiago ez plataforma eta Tren sozialaren aldeko Erriberako plataforma. ManifestazioaBihar, 18:00etan, Iruñeko Golen zinemetatik abiatuta.