Biharko greba orokorra deitu du gehiengo sindikalak

Guaixe 2010eko ekainaren 28a

ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek greba orokorra deitu dute biharko. Grebarako deia egin du ere CGTk. Deialdi horrekin langileen eskubideak defendatu nahi ditu euskal gehiengo sindikalak. Sindikatuek nabarmendu dutenez, "berak sortutako krisiaren aitzakiaz, ekonomia eta finantza agintea ofentsiban dago aberastasuna metatzeko eredu ekonomikoan inongo aldaketarik ez egiteko". Horren helburua "ezagutu dugun ongizate estatua bukatzea da". Gehiengo sindikalak agintariei leporatzen die "ekonomia eta finantza boterearen esanetara egotea". Greba deitu duten sindikatuen ustez lan erreformak "krisia sortu duten arrazoietan sakonduko du". Sindikatuen iritziz erreformak "langile klasearen eta pentsiodunen laguntzak eta eskubideak murriztuko ditu, eta neurri antisozialak ekarriko ditu". Greba orokorra deitu duten sindikatuek erreformari ezezkoa emateko arrazoi hauek eman dituzte: kaleratzea erraztu eta merkatu egiten du; lan hitzarmenak ez betetzeko bidea irekitzen du eta negoziazio kolektiboari eraso egiten dio; irabazi asmoa duten kolokazio agentzia pribatuak sustatzen ditu; aldi baterako lan enpresen mugak kentzen ditu, eta behin-behineko enplegu ez du desagerrarazten. Azken batean, greba deitu duen sindikatuen ustez "lan-baldintza duinak dituzten langileak behin behineko enplegua hedatuz ordezkatu nahi dituzte". Alternatibak eta exijentziak Greba deitzaileek azpimarratu dutenez, "inoiz baino beharrezkoagoa da sindikalgintza aldarrikatzailea, gure lan eta bizi baldintzak hobetzeko modu bakarra delako". Horrekin batera, sindikatuek "ekonomia pertsonen zerbitzura egon" behar duela azpimarratu dute, "eta ez alderantziz". Horrekin batera sindikatuek lan erreforma bertan behera uztea exijitu dute. Aldi berean, "guri eragiten dizkiguten gaietan erabaki ahal izateko parte hartzeko tresnak bermatzeko" eskatu dute. Azkenik, "gizon eta emakumeen arteko berdintasunean oinarritutako Lan Harremanen eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua garatzea" exijitu dute. Mobilizazioak10:00etan Etxarri Aranatzen elkarretaratzea. 12:00etan Iruñeko Gaztelu plazan manifestazioa. 12:30ean Altsasun, San Pedro zelaian.18:00etan Etxarri Aranatzen eskualdeko manifestazioa.