Jarraipen garrantzitsua

Guaixe 2010eko ekainaren 30a

ELA, LAB, ESK, STEE/EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deitu zuten grebak "orokorrean industrian, garrantzitsua izan da sakanan geldialdia. 2009ko maiatzaren 21ean gelditu ez zuten enpresa batzuk gehitu egin dira oraingoan". Sindikatu deitzaileek jakinarazi dutenez, "lanuztea garrantzitsua izan da Sakanan, poligono asko ia hutsik egon dira. Etxarri Aranatzen lanuztea ia %100koa zen. Irurtzun eta Uharte Arakilen xumeagoa izan da lan uztea". Mobilizazioak10:00etan Etxarri Aranatzen biltzera deituak zeuden langile sakandarrak. 65 bat pertsona bildu ziren. Hainbatek ondoren Iruñeko bidea hartu zuten, herrialde mailako manifestazioan parte hartzeko. 12:30etik 13:00etara Altsasuko San Pedro zelaian kontzentrazioa egin zen. 300 bat pertsona bildu zituen deialdiak. Altsasuko hainbat enpresetako ordezkariak izan ziren Inposaketarik ez, gure eskubideak defenda ditzagun zioen pankarta eraman zutenak. Haren ondoan Lortutako eskubideak ez zapaldu leloa zuen pankarta zabaldu zuten Altsasuko Feministak eta Bilgune Feministak. Kontzentrazioak iraun zuen  bitartean zelaian zeuden erakundeen lau barrek ez zuten ezer zerbitzatu. 18:00etan Etxarri Aranatzen eskualde mailako manifestazioa egin zen. Sindikatu deitzaileetako kideek eraman zuten pankarta eta haren atzean 250 bat pertsona bildu ziren. OspakizunakSakanan Arbizu eta Altsasu berezitasuna izan ziren, bi herrietan ere jai egunak greba deialdiarekin bat egin zuelako. Altsasun enpresa askok  jaieguna zuten. Arbizun aldiz festen azken eguna izan arren enpresek lan eguna zuten. Arbizuko poligonoko enpresetan grebak jarraipen handia izan zuen. Herrian, berriz, ostalaritzak goizean 2 ordu gelditu zen eta ordubetez arratsaldean.Deialdiaren jarraipenaSindikatuek zabaldutakoaren araberahonako lantegietan  segida izan zuen greba deialdiak:  Magoteaux Navarra, Sapa  (%60a), Hydro (%25), Cementos Portlandeko %70ak (%15 enpresaren arabera), GH Guema Manutencion, Barranquesa, Aceros Moldeados, Granjas dos Hermanas, Proximed,  Arbizuko IAT, Norten, Omnia, Imaz Hermanos eta abar. Komertzioari dagokionez, Etxarri Aranatzen, Urdiainen, Olatzagutian eta Ziordian itxi egin zuten. Irurtzunen eta Lakuntzan komertzio askok itxi egin zuten. Irurtzunen, gainera, astearteetan egiten den azoka ez zen egin. Kutxa eta banku gehienek ere itxi zuten.Administrazioan ere eragina izan zuen greba deialdiak: Sakanako Mankomunitateak itxi egin zuen eta zabor zerbitzuan ez zen lanik egin.  Uharte Arakil, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Olatzagutiko Udalek ere itxi egin zuten.