HESIAN TALDEAREN DISKO BERRIA KALEAN

Guaixe 2010eko uztailaren 2a

Denbora pasa da jada Hesian taldea sortu zenetik, eta makina bat eszenatokitan joak dira dagoeneko. Orain beraien azken lana aurkeztuz datozkigu, "Borrokatu eta irabazi". 2008an kaleratu zuten beraien aurreko lana, "Herriaren oihua", eta ordutik hona lan handia egin dutela esan daiteke. Aurreko disko horren barruan makina bat kontzertu eskaini zituzten, 130 inguru. Disko honen bira amaitzearekin batera taldearen egiturak aldaketa batzuk izan zituen, eta ordutik hona lanean ibili dira. Orain disko berri batekin datozkigu esku artean, beraiek dioten bezala, egindako lanetik dator emaitza; "Borrokatu eta irabazi". Disko esku artean hartu, etxeko cd erreproduzigailuan sartu, eta entzuten hasi naiz. Hamaika kantuz osaturiko lana, erritmo biziz, gitarra indartsuz eta haize melodikoz osaturiko diskoa dela esan daiteke. Aurreko guzti honen gainean bi ahots, alde batetik ahots indartsu eta gogorra, bestalde ahots goxo eta leuna. Nahasketa berezia, melodikoa eta indartsua aldi berean, sentimendu askoz beteriko lana. Disko berri hau 2010eko maiatza eta ekaina artean Haritz Harreguyren eskutik grabatu eta nahastua izan da Usurbilgo Higain estudioan. Hesian taldea zuzenean ikusteko aukera ere izanen dugu laister hemen, Etxarriko Gaztetxean izanen baititugu uztailaren 2an, gaueko hamaiketatik aurrera, hauekin batera arituko da La Betty Travan taldea. Aukera ederra musikaz gozatzeko eta bizitzeko. Animatu!!!