Aurpegi berriak, indar bera

Guaixe 2010eko uztailaren 1a

Aurkezpenik behar ez duen taldea da Hesian. 2006an sortu zen talde sakandarra. Lehen maketaren ondoren, 2008an iritsi zen lehen diskoa: Herriaren oihua (Gor). 2009a arrakasta eta aldaketa urtea izan da. Udan kontzertuz kontzertu ibili ondoren, udazkenean parentesia ireki zuen Sakanako taldeak. Amets Larraza abeslariak eta Erik gitarristak taldea utzi zuten. Haien lekua hartu dute Mireia donostiarrak eta Xabi iruindarrak. Taldea berrituta, egitasmo berria jarri dute abian. Haren fruitua da Borrokatu eta irabazi diskoa. DiskoaHamaika abestik osatzen dute Borrokatu eta irabazi diskoa. Erritmo biziak, gitarra indartsuek eta haize melodikoek bat egiten dute diskoan. Nabarmena da bi ahotsen arteko kontrastea: Franen ahots indartsua batetik, eta Mireiaren ahots goxo eta leuna bestetik. Nahasketa bereziak indarrez eta sentimenduz beteriko lana sortu du. Taldearen sorrerako ezaugarriak igartzen dira, baina aldaketa esanguratsuak ere badira. Metalak kantu guztietan sartu dira, "freskotasuna ematen diete eta zaleek gogoko dituzte" azaldu dute. Abestiei hard-core usaina darie, baina ska-reggeak, rockak eta melodia goxoek ere lekua dute. Abestiek amorrua eta itxaropena islatzen dute abestiek. "Diskoa aurrerapauso garrantzitsua da taldearen soinua eta izaera sendotzeko bidean" iragarri dute. 2010eko maiatza eta ekaina artean grabatu dute diskoa Haritz Harreguyrekin eta Usurbilgo Higain estudioan egin dituzte nahasketak. "Plazer handia izan da" diote taldekideek. Hesian. Borrokatu eta irabaziTaldekideak: Fran (ahotsa eta gitarra), Xabi (baxua), Etxebe (bateria), Mireia (ahotsa), Xabi (gitarra), Eneko (tronpeta), Igotxo (Saxoa), Karlos (tronboia).Grabazioa eta nahasketa: Haritz Harreguy (Higain estudioa). Ekoizlea eta edizioa: Hesian.Banatzailea: Elkar. Gainera tabernetan salgai. KontzertuaGaur, 23:00etan disko berria aurkeztuko dute Etxarri Aranazko gaztetxean. La Betty Travan taldea izanen dute lagun. Kontzertu kate luzearen hasiera baino ez da.