Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Manuel Iradier elkarteak antolatutako XVI. Hiru Handiak mendi lasterketa ezaguna asteburuan gauzatu da. Antolakuntzak jarritako 1.500 dortsalen muga berehala bete zen eta korrikalariak larunbatean atera ziren Arabako Ondategitik, Gorbea, Anboto eta Aizkorri igo eta gero Araiara heltzeko. 100 km-ko proba oso gogorra da hau, desnibel handikoa, eta korrikalari askok utzi behar izan zuten lasterketa, tartean sakandarrak, aurrera egin ezin geratu baitziren. Pedro Etxeberria (Inda Mendi) izan zen azkarrena, 11 ordu, 58 minutu eta 10 segundora helduz. Zumaiako korrikalaria proba uzteko zorian egon zen Anboton, baina ongi errekuperatu zela argi dago, Oier Ibarbia bigarrenari 6 minutu eta 10 segundo atera baitzizkion. Dantzaleku Sakanako Ander Unzurrunzaga etxarriarra 13.a izan zen (13:53:44), etapa ikusgarria burutu eta gero. Eta Juan Carlos Bengoetxea Arakama 196.a sartu zen helmugara(19:21:20).Emakumezkoetan Oihana Azkorbebeitiak ez zuen areriorik izan (14:47:28), eta Aitziber Larrion altsasuarra 16.a izan zen (20:23:00).Bestalde, igandean II. Zuzenien igoera bertikala jokatuko da Azpeitian 10:00etatik aurrera, Igoera Bertikalen Euskal Koparako baliagarria dena. Izarraitzera igo beharko dira korrikalariak, eta euren lana kronometratu egingo dute.